[Espainiako Vuelta | 7. etapa]

Onenak, etapa onenean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2020ko urr. 27a, 22:30

Michael Woods-ek maila handiko ihesaldia errematatu du; oilarrak ez dira mugitu Urduñan.

Ihesaldi ona espero zen, eta hala izan da. 36 lagun sartu dira helmugara iritsi den taldean, eta tartean odol garbiko zaldi asko: Valverde, Mikel Nieve, Elissonde, Sepp Kuss, Omar Fraile, Alex Aranburu, Guillaume Martin, Bennett, Rui Costa, Michael Woods, Tim Wellens... Oso kostata egin dute tartea, minutu eskasarekin pasa baitira Urduñako lehen pasaeratik. Valverderen Rojas eta Verona taldekideek, ordea, lan ona egin dute zelaian, eta errenta handitzen joan da pixkanaka, hiru minuturaino ia, INEOS tropeletik tiraka ari zela. Buruan mugimendu asko egon dira, baina antzuak denak, Urduña bigarrenez igo behar baitzuten. Han Woods izan da indartsuena, Sepp Kuus eta Valverde burua hartzen saiatu badira ere. Kanadakoak 20 segundoko aldea ireki du gainean, baina atzetik Valverde, Martin, Fraile eta Nans Peters iritsi dira, eta bat egin dute Education First taldekoarekin.
 
Mokoka aritu dira bostak helmugara zeuden 15 kilometroetan. Bigarren talde bat 20 segundora zetorren, tartean Alex Aranburu ezkiotarra, txirrindulari azkarra, baina ezin izan dute aurrera iritsi. Woods-ek eraso pare bat egin ditu, eta besteek jotako gehienei erantzun, eta kilometro eta erdira bere erritmo aldaketa izan da onena, garaipena ziurtatu diona. Fraile barakaldoarra saiatu da, Woods-engana iristen, baina gaur garailea oso oso indartsu zegoen. Tropelean, aldiz, ez da mugimendurik egon, besteak beste INEOS taldeko Andrey Amadorrek polizia lan aparta egin duelako. Sailkapen nagusian, beraz, aldaketarik ez.
 
Bihar bai, bihar egongo dira aldeak, eta ziur aski garrantzitsuak. Zortzigarren etapak Errioxan izango du kokagune. Logroño hiriburuan hasi eta Alto de Moncalvillon bukatu, 164 kilometro. Bi mendate, bidean: bigarren mailako Puerto de la Rasa, helmugatik 50 kilometrora, eta Moncalvillo helmuga. Oso mendate gogorra da, datu ikusgarriak dituena: 8.3 km. eta %9.2ko batez besteko pendiza. Mendate erdiko lau kilometrok %10ko malda dute, eta tarteka %15eko hormak. Mina eta zuloak egiteko aproposa, beraz.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!