Etapa ederra eskaini dute txirrindulariek, eta Moncalvilloko azken igoeran itzuliko bi txirrindulari onenen arteko borroka ikusgarria ikusi dugu: Primoz Roglic eta Richard Carapaz, Richard Carapaz eta Primoz Roglic. Formigalen Roglicek izan zuen txakaladia egun bakarreko kontua izan ote zen argitzeko zegoen oraindik, eta esloveniarrak aitaren batean argitu du zalantza: egun hartako kontua izan zen. Carapazen erasoari aise erantzun dio helmugatik kilometro eta erdira, eta ondoren berak erasotu dio INEOS taldekoari. Carapaz-ek ondo eutsi dio, eta halatsu egin dute bidea bi oilarrek, erasoari eraso, eutsi, nola edo hala, bata bestearen ondoan irauteko borroka benetan latza. 700 metrora jo du esloveniarrak azken erasoa, baina Carapaz-ek ez du berehalakoan etsi. 30-40 metrora izan du Roglic, eta berriro Jumbokoaren gurpilera itsatsiko zela bazirudien ere, Roglicek beste estutu bat eman eta bakarrik helmugaratu da. 17 segundo lapurtu dizkio Carapaz-i, eta lidergotik 13 segundora geratu. Egun perfektua Roglic eta Jumborentzat, INEOSek eraman beharko baitu tropela gidatzeko ardura hurrengo etapetan.
Moncalvillo baino lehen Movistar taldea izan da protagonista. Zazpi laguneko ihesaldiak bidea egiteko aukera zuen, bost minutuko aldearekin, baina Nafarroako taldeak erritmo bizia jarri du La Rasa, azken aurreko mendatean, eta ihesaldiari bi minutu eta erdi jan, han zihoazenak heriotzera kondenatzeko. Movistarrek egurrean jarraitu du Moncalvillora hurbiltzeko ordeka faltsuan, baina hara iritsi eta ezinean urtu dira. Valverde, aurrena, eraso antzu baten ostean. Soler, ondoren, eta Enric Mas, azkena, Vuelta irabazteko duten hautagai sendoena. Mas, honuzkero, bi minutura dago sailkapen nagusian, eta Unzueren taldeak beste bideren bat bilatu beharko du bere liderra sailkapen burura hurbiltzeko. Moncalvillon Hugh Carthy eta Sepp Kuss protagonista izaten saiatu dira, Dan Martin bezala, baina tamainako aldapa gogorretan indartsuenaren legeak agintzen du, eta gaur-gaurkoz Roglic eta Carapaz dira indartsuenak. Hainbesterako, Vueltak bi lagunen kontua dirudiela, 10 etapa falta badira ere.
Bihar bederatzigarren etapa jokatuko da, Burgosko Castrillo del Val-en hasi, eta Palentziako Aguilar de Campoo-n bukatu, 157 kilometro eta zailtasun orografikorik batere ez bidean. Haizea izan liteke aurkari ezkutua, baina gaurko iragarpen meteorologikoaren arabera ez da haizerik egongo.