Zeresan gutxi eman du Castrillo del Val eta Aguilar de Campoo arteko etapak. Haizearen faltan, eta haize-babesen arriskurik gabe, ihesaldia kontrolatu beste lanik ez du izan tropel nagusiak, esprinten zaindariak. Halakoetan funtsezkoa da ihesaldiaren tamaina kontrolatzea, eta zaindariak bi erromesei bakarrik eman die baimena: Juan Felipe Osorio Burgos BHko kolonbiarra, eta Aritz Bagües Caja Rural-eko errenteriarra. Nahi bai, baina arrakastarik ez zutela izango jakin ere bai. Hiru minutuko tartea, gehienez, eta tropelak nahierara harrapatu ditu. Azken kilometroan kokapena lortzeko borroka handia egon da, eta Morkov bideratzaileak ezin izan dio esprinta ondo prestatu Bennett-i. Bost axola horrek irlandarrari, aise menderatu baititu Ackermann, Philippssen eta konpañia. Sailkapen nagusian ez da aldaketarik egon. Epaileek azkenean saria Ackermanni eman diote.
Bihar 10. etapa jokatuko da, Kantabrian: Castro Urdialesen hasi, eta Suancesen hasi, 185 kilometro eta malda gaiztoren bat azken bi kilometroetan. Horrek aukera eman diezaieke esprinter peto-peto ez direnei, eta era berean, ihesaldia bilatu nahi dutenei.