Galerna handi samarra sartu da Kantauri Itsasotik astelehen bazkalostean. Hartuko lukete halakorik asteazkenetik aurrera INEOS, Education First, Israel eta Movistar taldeek, euren liderrekin Jumbo Visma eta Primoz Roglic xaxatu, urduritu eta maillot gorria kentzeko. Halakorik egin dezaketenak lau baino ez baitira: Richard Carapaz, Hugh Carthy, Dan Martin eta Enric Mas. Carapaz-ena da gaur lidergoa, maillot gorria, baina galdu egingo du bihar, Ezaroko erlojupekoan, eta kalkulo matematiko sinple batzuk egiten baditugu, laukote horrek erasora jo beharko du azken astean. Zenbateko atzerapena edukiko du, bakoitzak, bihar arratseko 5.30ak aldera? Honatx banan banako estimazio arriskatu bat, Madrilera iritsi bitarte geratzen diren lau etapa gogorretan nola jokatu beharko luketen aztertzen duen analisiaz gain. Errealitate bat, analisiaren aurretik: Jumbo da talde indartsuena, eta askogatik, eta ez da batere erraza izango haiek haustea, Formigalgo etapan gertatu zen bezala.
Hautagaiak
***Carapaz (INEOS): 10 segundoko errenta du gaur. Bihar 1.30 edo 1.45era egon daiteke, Roglic-ek kilometroko hiru bat segundo ateratzeko gaitasuna baitu. Atzerapen horrekin INEOS erasotzailea espero behar dugu, Chris Froome sasoi puntu ona berreskuratuz, eta Amador eta Van Baarleren laguntzaz. Erasoek ezin dute azken kilometroan egindakoak izan, hor segundoak baino ez daudelako jokoan, eta esloveniarra beste inor baino hobea delako talde txikietako esprintetan. Osteguneko etapan segada ugari dago, Ourensetik Sanabriara. Salamancako bi etapak ere kontrolatzeko zailak dira, baina Jumbok eskarmentua dauka une kritikoak modu egokian kudeatzeko. Pronostikoa Carapazentzat sailkapen nagusian: bigarren
***Hugh Carthy (EF): 32 segundora dago gaur, bihar erlojupekoan minututxo bat gal dezake, Carapaz baino gutxixeago, espezialista izan gabe indartsuago iritsi dela dirudielako, Anglirun gora ikusitakoa aintzat hartuta. Carapazengandik gertu geratu beharko luke sailkapen nagusian. Inprebisible samarra da Carthy, eta talde ona du alboan bera laguntzeko, batez ere Rusty Woods, edo Magnus Cort Nielsen. Akaso Carapaz baino arriskutsuagoa da, Carthyk nola joka dezakeen, non eraso dezakeen ezezaguna baita. Pronostikoa nagusian: hirugarren.
***Dan Martin (Israel): Bihar galtzeko gehien duena. Bi minututik gora gal ditzake biharko erlojupekoan, hirura hurbiltzen ez bada, Roglicekiko, eta horrek ezinezko egingo du maillot gorria lortzeko erronka, eta oso zaila podiumera igotzeko helburua. Punch apur bat galdu duela dirudi, Laguna Negran Roglic eta Carapaz menderatu ostean. Ez dauka talde indartsurik urruneko erasoko estrategiak prestatzeko, eta bere taktika eustea izan liteke, erasotzea baino, aurrekoek huts egin zain. Podiuma sari itzela litzateke beretzat. Pronostikoa nagusian: laugarren edo bosgarren.
***Enric Mas (Movistar): Nahi eta ezin. Hainbesterako, atzo barkamena eskatu zuela publikoki Anglirun garaipenik ez zuelako lortu, Movistar taldeak egindako lan handiaren ondoren. Mas sinetsita zegoen Vuelta irabazteko faboritoa zela, bi aste atzera, eta Movistar taldea ere bai ziurrenik, eta pentsamendu hori ez zen sinesgarria orduan. Lau lagun ditu aurretik, eta Roglicengandik gertuen egongo dena izango da biharko kronoan, baina podiuma sari handia litzateke berarentzat. Handia bezain zaila, Movistarren taktikak ere zeresana eman baitu, eta ez zentzu onean. Pronostikoa nagusian: laugarren edo bosgarren.
***Primoz Roglic (Jumbo Visma): Faborito nagusia. Krisialditxo pare bat pasa ditu, Formigalen eta Anglirun, atzo, baina atzokoan ederki libratu zuen Sepp Kuss-en laguntzarekin. Mendate zitalik ez dago, terreno konplikatua bai, baina talde indartsua dauka arrisku uneetan tenplea izan eta egoki jokatzeko. 1.30 edo bi minutuko errenta izango du, modu egokian kudeatzeko, eta zaila da txakalaldi potoloren bat harrapatzea. Gainsariek ere bere alde egiten dute. Ihesaldiei bidea egiten utziko dio Jumbok, eta oilarren arteko deman, Roglic da onena. Pronostikoa, Vueltako garailea.
Ibilbidea
Gaiztoa da, segadaz josia, eta etapa luzeekin.
*Etzi, Lugo eta Ourense artean, 205 kilometro eta 3.000 metroko desnibela. Hirugarren mailako hiru mendate puntuagarri daude, baina punturik emango ez duten beste asko. Galizia ezagutzen duenak badaki han zer dagoen, Euskal Herrian bezala. Ordekarik ez, apenas.
*Osteguna: Beste kilometro betekada bat, Mos eta Puebla de Sanabria artean, 230 kilometro, eta eguraldi heze eta freskoarekin, batez ere etapako azken herenean, tropela 1.000 metrotik gora ibiliko baita. Desgaste handiko etapa, hirugarren mailako bost mendate puntuagarri, azken kilometro erdia gorantz.
*Ostirala: Salamanca eta Ciudad Rodrigo artean, 162 kilometro, eta bi mendate serio, 11 eta 13 kilometrokoak, etzan samarrak Peña Francia eta La Alberca herriaren inguruan. Segadak sortzeko etapa aproposa da, eta euria eta hotzarekin gehiago. Euria iragartzen dute barra-barra, lasterketa baldintza dezake.
*Larunbata: Mendatean bukatuko den azken etapa, Madrilgo omenaldi etaparen aurretik: Sequeros-La Covatilla eski estazioa, 178 kilometro, eta 4.000 metroko desnibela pasa, ia 2.000 metroko garaierara bukatzeko. 2-3 graduko tenperatura ematen dute bukaeran, eta elurra urruti ez. Bidean sei mendate: lehenengoa lehen mailakoa, hirugarren mailako hiru, bigarren mailako bat Covatilla igo aurretik, eta helmugakoa, maila berezikoa. Covatillak 12 kilometro ditu ia, eta %7.1eko batez besteko desnibela.
Bukatzeko, sailkapen nagusia
1.) Richard Carapaz
2.) Primoz Roglic: 10ra
3.) Hugh Carthy: 32ra
4.) Dan Martin: 35era
5.) Enric Mas: 1.50ra