Bukatu da sasoiko hirugarren itzulia, eta denboraldia. Azaroak lehen herena jan duenean, dagoeneko. Ziklistek aste pare bateko atsedena hartuko dute orain, majo zigortutako hanka zuztarrei atseden apur bat emateko, eta gero egurra berriro, otsaila eta martxoa azkar iristen baitira. Hori, hurrengo denboraldia normal badoa, baina aurtengoak erakutsi du, mugak-muga, posible dela. Pascal Ackermannen etapa garaipenarekin agurtu da sasoia, bere bigarrena, baina gaurkoa garaileek nahi izaten duten moduan. Alegia, aurkaria errepidean menderatuz, eta ez komisario batek hartutako erabaki baten ondoren. Hala irabazi baitzuen lehen etapa Bora taldekoak, Aguilar de Campoon. Etapak, bestelakoan, ez du inolako saltsarik izan. Omenaldiz omenaldi, argazkiak eta solasaldi lasaiak han eta hemen... Merezita, esango dugu, jipoi handi samarra hartu baitute denek.
Bihar, atariko honetan, Vueltako puntuazioa. Buelta on!!!