“Hitzekoak gara, serioak; hori da gure balioa Madrilen”

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2020ko abe. 12a, 09:00

Aiurrik Maribel Vaquero Madrilgo EAJtako Senataria elkarrizketatu du: "Mende laurdena politikagintzan; Urnietan hasi, Eusko Legebiltzarrean eta Aldundian jarraitu, eta Senatuan bukatu; ez ditu fokuak, protagonismoa maite, talde lana baizik".

25 urte dira politikagintzan murgildu zenetik, Urnietako Udaletxean zinegotzi. Orduz geroztik, Foru Aldundian eta Eusko Legebiltzarrean aritu izan da, eta azken urtean Espainiako Senatuan. Aurrekontuak onartzeko lanean aritu dira Vaquero eta bere taldea, EAJ, eta kontuak pasa den astean atera ziren aurrera Kongresuan euren botoei esker (Senatuko tramitea abenduaren 22/23an bukatuko da). Toki bakoitzean izan duen esperientzia azaldu dio Aiurri-ri, eta esparru bat hautatzeko eskatuz, ez du zalantzarik egin: “herria, gertutasunagatik”.

Osatu iezaguzu, mesedez, zure curriculum-a.

50 urte ditut, eta Urnietako Udalean ekin nion politikagintzari. Sei legealdi egin ditut bertan jarraian, 24 urte denera, gehienak alkatetza genuela, legegintzaldi bat oposizioan. Asko ikasi nuen lau urteko garai hartan, dena esate aldera. Eusko Legebiltzarrean ere zortzi urte egin nituen. Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidente hautagai izateko deitu ninduen Joseba Egibarrek (Gipuzkoako Buru Batzarreko presidentea). Hautagaitza ez zen garaile izan, eta gutxira Eneko Goiaren bakantea bete nuen legebiltzarrean, Goia Aldundian errepideetako Foru Diputatu jardunean hasi baitzen. Legebiltzarrean zortzi urte egin nituen orotara. Hiru urte eta erdi oposizioan, Ibarretxe Lehendakariarekin, Patxi Lopez Lehendakari zela, eta beste lau urte Iñigo Urkullu Lehendakaria zela. Foru Aldundian ere aritu izan naiz, Bizikidetza eta Giza Eskubideetako zuzendari, eta Bizikidetza Lantzen programaren arduradun goren, Gipuzkoako herri gehienetan hara eta hona programa hori azaltzen. Senatuan urtebete eskas daramat, 2019ko abenduan hartu baikenuen kargua, bi hauteskunde deialdi egin ondoren.

Legealdia osatuko al da, behin aurrekontuak onartuta?

Itxuraz bai. Alderdi Sozialista eta Elkarrekin-Podemos koalizioak aurrekontuak onartuta indarra hartuko du, elkarren aurka mokoka ibiltzeari uzten badiote, eta aldaketa babestu zuten beste bazkide  politikoen babesa izaten jarraitzen badute.

Hainbat esparru ezagutu dituzu. Zein nahiago duzu?

Herria da aberasgarriena, eta legebiltzarkidea ondoren. Politikak plus bat dauka udal mailan: bizilagunak, herritarrak oso gertu dituzu, lagunak, familia… Horientzako ari zara, epe motzean lan egiten, eta zure jardunaren onurak, edo onurak ez direnak berehalakoak izan ohi dira.

Inoiz ez duzu alkate izateko tentaziorik izan?

Ez naiz postulatu, bigarren lerroan gusturago egon izan naiz beti. Bizitzan hartzen diren erabakiak dira, ez dut alkate gai izateko premiarik sumatu.

Ez daukazu beste politikari batzuek duten arreta komunikabideetan…

Gauzak horrela etorri dira. Agian ez naiz lehen lerroan egoteko politikaria izan. Niretzat talde lana oso garrantzitsua da, eta konfiantza dagoenean, lehenengoa, bigarrena nor den, edo argazkian bat edo beste atera bigarren mailakoa da niretzat.

Deskriba iezaguzu EAJ alderdi politikoaren jarduna Senatuan.

Talde polita egiten dugu. Senatuan 10 kide gara, Kongresuan beste sei ordezkari. Senatuak Kongresuak onartzen duena berretsi behar izaten du, lege bilakatzeko. Senatuak aldaketak ere onar ditzake, eta hala bada, gaia Kongresura bueltatzen da. Askorentzat bi kamara berdin dira, baina ez da hala. Senatua, ustez, estatuko ganbera territoriala da. Hautatze sistema ere ezberdina da, nahiz eta alderdi politikoen zerrendatan egon. Herritarrek bere ordezkariak zuzenean hautatzen dituzte. Alderdi abertzaleok, EAJ/PNVren kasuan bezala, Euskadiren interesak defendatzen ditugu, txapel bakarrarekin aritzen gara. Ni Gipuzkoako senataria naiz, gipuzkoarrek hautatu naute, baina  Euskadiren interesak defenditzen ditut Senatuan. PSOE, PP edo Podemos estatu mailako alderdiak diren neurrian estatu ikuspegia dute, eta Erkidego ezberdinen arteko orekak zaindu behar izaten dituzte. Beraien jarduteko modua zentralista da.

Nolakoa da zuen egunerokoa Madrilen?

Ia astero joaten gara Madrilera. Akaso aste bat libratzen dugu, hilabetean, bertara joan gabe. Orain pandemiarekin telelan handia egiten ari gara, baina batzordeak eta plenoak presentzialak dira. Alegia, han egon behar duzu derrigor. Bi pleno egoten dira hilabetean, eta tartean ba hainbat batzorde, hainbat arduradunen agerraldi publiko, eta horien jarraipena egin behar dut. Hainbat batzordeetako bozeramailea naiz: Agenda 2030, Garraio, Etxebizitza eta Hiri Agenda, Autonomia Erkidegoetako Batzorde Orokorra eta Familia, Haur eta Gazteria batzordeak. Pleno asteak direnean astelehenetan joaten naiz Madrilera, eta normalean ostegunean bueltatzen naiz etxera.

Eta lo eta beste?

Hoteletan ematen dugu astea.

Ze lan sistema daramazue?

Senatutik gertu egoten saiatzen gara. Senatuan bulego txiki bat dugu ordezkari bakoitzak, eta taldeko bilerak egiteko-eta badaude bilera gelak. Astea prestatzeko Estefania Beltran de Heredia eta Imanol Landa senatari kideekin biltzen naiz, bozeramaile eta mahaiko kideak direlako, eta ondoren taldeko bilera ere egiten dugu. Astearte arratsean kontrol plenoa izaten da, eta asteazken eta ostegunetan mozioak, lege proposamenak eta beste aztertzen dira.

Diskurtsoak zuk prestatzen dituzu? Prentsa arduradunen bat daukazue taldean?

Diskurtsoak normalean norberak prestatzen ditu. Guk taldeko komunikazioaz arduratzen den langile bat dugu, eta mahaiko kideari eta taldeari asistentzia ematen dioten beste hiru lagun daude. Asistentziako langile horiek laguntza eman behar diete 10 senatariei 42 komisio eta plenoetan. Talde txikietan, gaiak eta bartzordeak senatari gutxiagoren artean banatzen dira, eta gure kasuan, bakoitzak 4-5 batzordeetako ardura dugu.

Erabakiak kolegiatuak dira, taldean hartzen dira?

Askotan ez daukazu astirik taldeari galdetzeko. Mozio bat proposatzen du norbaitek, ni puntu batzuk sartzen saiatzen naiz, baina agian beste talde batzuk sartutako puntuekin ez nago ados, eta gure taldearen marra gorriak pasatzen baditu, ezezkoa bozkatuko dut. Senatuko tramitazioan ezin da mozio bat puntuz puntu bozkatu, bere osotasunean baizik.

Alegia, batzuetan ez daukazula kontsultak egin, edota hausnarketa tarte bat hartzeko aukerarik, bozkatu baino lehen.

Gure jardunaren egoeretako bat da hori. Senataria denari halako gutxieneko ezagutza eta irizpide osatu bat daukala suposatzen zaio, bere kabuz erabaki garrantzitsuak hartzeko gai dela. Kongresura edo Senatura ez da hasi berria den norbait bidaltzen, alderdi politikoa ezagutzen duen norbait, programa, mekanismoa, hango funtzionamendua ezagutzen duena baizik. Nik Eusko Legebiltzarreko martxa ezagutzen dut, badut eskarmentua.Hala ere, Eusko Legebiltzarraren funtzionamendua eta Espainiako Gorteetakoa, Senatukoa behintzat, ezberdinak dira. Espainian bipartidismoa oso indartsua da oraindik, ez dakite politika egiten Euskadin bezala. PSOE eta PP, bi alderdi nagusiak ez dira guztiz kontziente zein garrantzitsuak garen beste alderdi politiko guztiak.

Estresa, deserotasuna sortzen al du Madrilen aste osoa bizi behar izateak? Hotela, familia Urnietan, lan karga… Aisirako tarterik bai?

Gutxi. Kongresutik Senatura dagoen tartea baino ez dut ezagutzen. Callao, Sol, zonalde horretan ondo moldatzen naiz, baina ez dugu kale bizitza handirik egiten. Zozo samarrak izango garelako agian, edo pandemiagatik… Lana egin ondoren nonbait afaltzen dugu, hoteletik kanpo, baina handik hotelera bueltatzen gara. Eta hotelarena… Lana da, jende asko ibiltzen da horrela.

Kanpora begira nahiko irudi itsusia transmititzen dute bai Kongresuak, baita Senatuak ere. Jende jantzia eta ikasia biltzen den tokia baino, oilategia dirudi sarri…

Hala da, baina gu ez gaude joko horretan. EAJ taldeak ez du probokatzen. Gaiak ondo prestatzen saiatzen gara, gure ideiak defenditu tinko, eta seriotasun apur bat erakutsi. EAJk urtetan zerbait balioan jarri badu Madrilen, hori seriotasuna da. Gure ezaugarria hori dela esango nuke. Gurekin negoziatu nahi dutenek badakite zer egin behar duten, ze konpromiso bete. Postureo kontuetan gurekin jai dute. Agian ez gara telebistan agertzen garen lehenak izango, ez dugulako iskanbilarik sortzen, baina seriotasuna baloratu egiten da Madrilen, hala onartu izan digute alderdi askok. Hitzeko pertsonak garela baloratzen dute.

Eta pertsonalki, iskanbilak-eta ikusten dituzunean, zer pentsatzen duzu?

Iskanbila sortzen dutenek oraindik hauteskunde kanpaina betean baleude bezala jokatzen dutela esango nuke. PSOEk komeria nahiko badu Podemos-ekin daukan sokatirarekin, eta Podemos bera ez dakit Gobernu koalizio batean dagoen alderdia dela konturatzen ote den. Gobernu programa bat du, Gobernu akordio bat. Alegia, Gobernua da, eta hala izanda, ezin da pankartaren aurrean eta atzean egon aldi berean. Edo Gobernua zara, edo ez zara. Oreka zailetan dabil. Sozialisten artean egoera hori batzuk hobeto daramate, besteek ez hainbeste. PPk, aldiz, ez du sinesten koalizio horretan, VOX beste mundu batean dago, eta Ciudadanos ere ez desagertzeko borrokan… Pertsonalki VOX-eko ordezkariek lasai asko botatzen dituzten aldarriek arduratzen naute gehien, ez baitute, esaterako, emakume eta gizonen arteko berdintasunean sinesten. Madrilen eskuin-ezker paradigman oinarritu izan da politika azken urteetan, eta ez nator bat horrekin.

Ze paradigma erabiltzen duzu zuk, bada, politika azaltzeko?

Nire abiapuntua da Estatuak eta Podemos-ek bereziki Madrilen, baina Euskadin ere bai, ez diotela EAJri tamaina hartzen, eskuineko alderditzat jotzen dutela. Nire ustez ez da horrela, politika progresistak egiten baititugu. Ni ez naiz eskuin edo ezkerreko gisa definitzen. Ni abertzaletasuna eta humanismoarekin identifikatzen naiz. Demokrazian, aukera berdintasunean, progresismoan sinesten dut. EAJn eskuin, zentro eta ezkerreko jendea dago, eta hori da ulertzen ez dutena. Eskuin-ezker paradigmaren baitan identifikatzen dute EAJ, eta EAJ ez da paradigma horietan mugitzen. Pausoa galduta dabiltza gurekin, nola jokatu ez dakitela. Gutxieneko soldata bermatzerakoan, gizarte politiketan edota 2030 agendan EAJ askok uste dutena baino progresistagoa izan dela esango nuke.

Senatari, kongresisten artean nolakoa da harremana?

Urtebete eskas daramat, eta ez dut jendea ezagutzeko aukerarik izan.

Jendeak ze pertzepzio du zuen jardunaren inguruan?

Txarra.

Jornal handia irabazten duzuen pribilegiatuak zaretela diote askok.

Jendeak ba al daki ze soldata daukagun, nahiz eta publikoa izan? Ezin gara kexatu, gauzak dauden bezala, baina zerekin konparatuta irabazten dugu asko? Zenbat diru joaten zaigu Madrilen bizitzen? Lana egiten dela ziurtatzen dut. Akaso lan hori ez da jendearen begi eta belarrietara iristen, baina lana egin, egiten da, eta ordu asko gainera. Soldaten gaia azaltzea zaila da eta demagogia asko dago, batez ere krisialdi egoeretan.

Aurrekontu eztabaida betean egon zarete. Onartu dira.

Bai. Sanchez presidente izendatzea ahalbideratu zuten alderdien babes berberarekin.

EAJk baiezkoa eman du.

Bai. Gure emendakinak sartu, negoziatu eta aurrekontuak babestu ditugu.

Zer pentsatua ematen du aurrekontuak EAJ, ERC, EHBildu eta besteren babesari esker onartu izana…

Beno, egoera berria da, ezta? Bildu Madrilen ez da hain determinantea, baina Nafarroan, aldiz, bai. Esan nahi dut, Sanchezek ez du Bilduren botorik behar Madrilen, baina Txibitek Nafarroan bai. Joko politikoak dira… ERC ere lehia bizian dago Katalunian Junts per Cat alderdiarekin, hauteskundeak dituzte han laster. PSOEk zer nahiago du, ERC Katalunian gobernatzen ikusi, jarrera independentista moderatuago bat lortzeko? Hala dirudi. Xake partida baten modukoa da egoera, joko taula asko daude, eta batzuk partxisean jolasten ari gara edo dira, eta besteak xakean… Konplikatua da ulertzea. Hau ez da matematika, non bi gehi bi lau diren. Madrilek hori dauka, politika egiteko beste modu bat da, eta niri Euskadikoa ulerterrazagoa egiten
ari zait, nahiz eta azken urteotan espainiartzen ari dela dirudien.

EAJ eta EH Bilduren harremanaz milaka orri bete dira. Zer dio EAJko senatari batek horren inguruan? Pikerik bada, ez?

Tratu ona daukat Gorka Elejabarrieta eta Idurre Bideguren Bilduko senatariekin. Harreman pertsonal ona dugu. Herri berdinean bizi gara,eta askotan interes berberak ditugu. Pikerik dagoenik ez nuke esango. Akaso haserre puntu bat bada, gure alderdian, hainbestetan entzun baitugu dilista plater baten truke saldu dugula geure burua… Orain eurak plater txikiago baten truke saldu dira!!! Testu idatzi batean ironia sumatzen ez denez, jarri une honetan ironiaz mintzatzen ari naizela…

Hizlari apartak daude Madrilen. Nor da zure erreferentzi, nori begiratzen diozu?

Euskadin Joseba Egibarri. Madrilen, Aitor Esteban esango nuke, erreferentzia niretzat eta EAJkoa ez den jende askorentzat. ERCko diputatu batek esan zidan, ez aspaldi: “Aitor onena da. Berak hitz egiten duenean denak isiltzen gara”. Hizlari bikaina da. Izango dira hizlari apartak beste alderdietan ere, baina pulpitura igo eta mitinak ematen dituzte, eta Kongresua eta Senatua ez dira txaloak jasotzeko tokia. Gu ez gaude txaloak jasotzeko. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!