Ezberdina izan behar zuen 2021eko Adarramendiko igoerak, nahitaez. Guk bestela izaten saiatu edo ez. Eta hala izan zen: ezberdina.
Ezberdina, Besabitik zuri-zuri ikusten zelako gure tontor sakratuko azken malda eta gailurra. Bagenekien hala izan zitekeela, baina elurrak, izotzak eta hotzak beti ematen dute errespetua. Urtero egiten dugun kalkulua da, ez dakit zehatz aritzen ote garen, zenbatgarren urtea den Adarramendira igotzen garela urteko lehen egunean. 22 edo 23. bota zuen Eñaut lagunak. Zenbakiekin-eta txukun samar moldatzen da, egia izan bide da baieztapen hori. Ba guzti horietan elurrarekin igo izanaren oroitzapenik ez. Egia da gure memoriak bide txikia izaten duela, rekuerdo berrienak gogoratu, eta zaharrenak alboratzen ditugula. Jonathan hor aritzen da, isobara eta datuekin bueltaka. Berarentzat 12. urtea segidan Adarran urte berri egunean, elurrik ez omen du oroitzen. Ezberdina.
Ezberdina azken maldan elurra zapalduz egin genuelako bidea. Bi gailurren arteko lepoan 6-8 zentimetro elur zegoelako. Ezberdina tontorrean egoteko ez zelako zenbakirik hartu behar harategiko ilaran. Ezberdina Jonathan-ek halako tenperatura neurgailua eman zuelako, sentsazio termikoa neurtzen duena, jotzen duen haizearen arabera. Kuriosoa tenperatura nola aldatzen den haize boladaren indarraren arabera. -3.4 neurtu zuen, tenperaturarik hotzena. Hori ere ezberdina.
Eta ezberdina Euskalduna mendi taldeko kideak ez zeudelako beti egoten diren tokian. Berotasuna, elkarrizketa ematen, jende taldeak sortzen laguntzen. Batzuentzat garrantzirik gabeko kontua izango da, nik asko bota nituen faltan. 2022an han izateko esperantza bizirik!
Ezberdina jende kopurua. Etxera bueltan autoa hartu arte ez ginen jabetu, baina 2021eko lehen egunean ohikoa baino askoz jende gutxiago zegoen. Askoz gutxiago diodanean, ohiko igande batean baino askoz gutxiago esan nahi da. Autoak Armuntoko bidegurutzeraino bakarrik iristen ziren. Ez sinesteko modukoa. Udaltzainak ere harrituta zeuden.
Ezberdina jaitsiera, apenas izan baitzen erorikorik gure artean, zorua oso irristakorra bazegoen ere. Zer esanik ez Arlegorko lepotik Antxoko Etxolaraino doan tartean.
Ezberdina Besabiko iritsiera. Parranda egin ezin izan zuten parranderorik gabe, balantzaka eta oihuka zebilen ezagunik ez. Ez erretegi atarian, behintzat. Barruan bestelakoa zen egoera. Bakarren batzuk gozoak zeuden. Informazioa horraino, badaezpada…
Ezberdina mendi buelta osteko ospakizuna. Azken 10-12 urtetan Hernaniko Peña Otaño txokoan elkartu izan gara, eta Euken Garmendia eta Mikel Iturberi merezi ez duten lana eman, hamaiketako eta bazkari latza prestatzen: salda, txorixoa, arrautzak, odolkia, solomoa, txokolatea, txurroak, Esnal okindegiko Errege Opil goxoa, kafe osteko kopak… Zer ez dugu jan / edaten han? Eta ze giro? 20-25 lagun, zahar eta gazte, bospasei familiakoak, gora eta behera. Urteko egunik ederrenetakoa, zalantzarik gabe. Aurten petit comite-n egin behar izan dugu hamaiketakoa, Guria Tabernan. Dotore zaindu gintuzten Xabi eta Oscar zerbitzariek, eta haiei ere eskerrak.
Ezberdina siesta. Hori ere urte berri guztietan egin izan dut, baina arratsaldeko 16:00-17:00ak aldera hasi eta afaltzeko garaia arte. Aurten eguartean oheratu, eta lauak, bostak aldera jaiki. Urte berri eguneko pilota partida ikusi nuen, aldaketari esker. Ikusi, edo antzeko zerbait.
Berdinak, edo antzekoak izan ziren gauzak ere egon ziren, ez pentsa. Juanjo zaharra presa sartzen, Besabira lehenago joateko, jende asko ibiliko zelako… Edota Paul-i eman zizkion mendizale lezioak, mendian gora eta behera, gaztea aspertzeraino… Edota Mikel Iturbe, Turbo guretzat, tropela mantsoegi joan, eta hoztu nahi ez zuelako turboa jarri eta denok baino lehen iritsi zelako gailurrera. Urtero bezala. Tontorraren magalean zeuden Ane eta Agate Arregi han zain zirela jabetu ere ez zen egin. Beherakoan ere antzera. Besabin salda bero bat hartzeko astia eman zion, talde guztia Besabiraino iritsi aurretik. Ez baitaki mendian mantso ibiltzen!
Eta berdina, zoritxarrez, bazkalostean herriko kiroldegiko futbol zelaian lur hartzen ikusi genuen helikopteroa, Adarramendin erreskate bat egin ondoren. Garrantzitsuena bueltatzea baita, lagun. Eta onik. Beti!!! Urte berri on!
Eta bukatzeko, ezberdina biharamuna ere, taldeko bi kide Noticias de Gipuzkoa egunkariko azalean azaldu baitziren lehen orrian. Batek besteak baino itxura hobea zeukan, egiari zor. Eta hain ongi atera ez zenak ez zuen ondo hartu… Twitter sare sozialean jartzen diren argazkiak publikoak direla esan nion, ezin zela ezer egin. Nor den esan gabe ere asmatuko duzue nor den, gure taldeko ermitaua…
Urte Berri On!