Nahikoa da Ibilgailuan Azterketa Teknikoko enpresatik Erratzuko zubiraino joatea, edo Erratzuko Zubitik Iturbe altzairu enpresara, dozenaka zikloturistekin topo egiteko. Ordubete eskaseko osteratxoa eginda, gainera, lau-bost aldiz ikusiko dituzu. Itxiera perimetralak behartu ditu hori egitera, ezin baita Urnietatik atera. Egia da Xoxokako, Besabiko eta Kaxkarroko aukerak ere hor daudela, baina horiek aldapa gogorrak dira egunero hiru edo lau aldiz egiteko; are gehiago, oraindik otsailean, negu betean gaudela aintzat hartuz. Errepide nagusian Mandazubitik Iruraingo biribilguneraino joan etorrian ibiltzea beste aukera bat litzateke. Baina egiari zor, Urnietako kale nagusia zeharkatzea infernu baten parekoa da zikloturistentzat: trafiko handia, dozena erdi semaforo, eta uneoro adi ibili behar bidegurutze guztietan.
Pasa den urtean, arauek Urnietarekin muga egiten zuten herrietara mugatu zituzten zikloturisten irteerak. Gaur, ia denek, itsu-itsuan onartuko lukete halako arintze bat itxiera neurrietan, Hernanira, Andoainera edota Lasartera joateko aukerak ikaragarri handitzen baitu bizpahiru ordu lan saio bat egiteko aukera. Urnietan oso ohikoa da Hernanitik Nafarroako mugaraino doan errepidean itzuliak egitea, oso errepide lasaia delako lan orduetako eremuetatik kanpo. Hainbesterako da ezaguna, zikloturisten solasaldietan "tontodromoa", zuloa edo gaztelaniazko tubo hitzarekin ezagutzen dela errepide zati hori. Orain "tontodromoa" Erratzuko industria gunea bilakatu da. "Tontodromoa" zergatik, galdetuko diozue zeuen buruari? Ba toki berean bueltaka ibili behar duzulako etengabe.
Aiurrik hainbat zikloturisten iritzia jakin nahi izan du, itxiera perimetralaz zein iritzi duten jakin asmoz. Denek men egiten diote, noski, arauei, isun gaiztoen mehatxupean, baina garbi mintzatzen dira herritik ateratzeko debekua zentzugabekeria latza dela, ulertezina. Ematen duten argudioa ere sinesteko modua da: “Debekuak jartzen dituztenak esan diezagutela ze arrisku suposatzen duen bizikletarekin herri batetik bestera 25-30 kilometro orduko abiaduran pasatzea, gelditu gabe. Hori egitea arriskutsua dela azaltzen badigute, onartuko dugu itxiera. Baina ezin dute azalpen sinesgarririk eman”.
Txirrindularien iritziak
Txelu del Sol: “Kirol jardunari trabak jartzea ez da neurri egokia”
“Nire ustez argi geratu da kirol jarduerari trabak jartzea ez dela neurririk egokiena. Kirolariak direnak, garenok, inmunitate handiagoa diogu kirolik egiten ez duten herritarrekin alderatuta. Eskola-kirola debekatzea edo mugatzea erabaki izana ere ulertezina egiten zait. Zikloturistak garenoi dagokionez, ondoko herrira joateko aukerak arnas handia ematen dizu, herri berean irten behar izanak asko mugatzen baitu gure jarduna”.
Patxi Gallo Ariztimuño: “Urnietan ez dago 100 metro laurik, nekosoa da entrenatzea”
“Nire ustez zikloturista bat bakarrik herri batean barrena hara eta hona ibiltzeak ez dauka batere arriskurik, eta zentzu horretan, ulergaitza egiten zait herritik ateratzeko debekua jarri izana. Ondoko herrietara pasatzen uztea eskatzen dut ozen bozgorailu honetatik, gure jardunak ez duelako inor kutsatzen. Gainera, gogoratu nahi nuke Urnietan ez dagoela aldaparik gabeko 100 metrorik, eta horrek aspergarri eta nekoso egiten du bizikletan ibiltzen garenon jarduna”.
Edu Etxeberria: “Herritik ateratzeko debekua ez da justua”
“Urnietako herritar gisa ezin sobera kexatu mendiko eta errepideko bizikletarekin eta mendian nabilelako. Herritik ateratzeko debekua muga da, batez ere errepidean. Mendiko bizikletarekin edota oinez aukera biderkatu egiten da, leku beretik lau edo bost aldiz pasa gabe. Ez zait justua iruditzen herritik ateratzeko debekua. Ze arrisku suposa dezake Andoain, Hernani edo Lasartera pasatzea, kilometro batzuk gehiago pilatzeko helburu xumearekin?”.
Pedro Barahona eta Asier Zubillaga: “Arriskutsuagoa da herriko kaleetan ibiltzea, herriz herri baino”
“Errepidean ibiltzera ohituta gaudenontzat oso aspergarria da bospasei kilometro eremu mugatu batean bueltak ematen ibiltzea. Kontuan izan Urnietako zikloturistak ia beti Goierri aldera joaten garela, edo kosta aldera, kilometro batzuk pilatze aldera. Ba orain ezin dugu, luzean bost edo sei kilometroko bide laua dago asko jota, eta hortik ateratzen bazara, ba aldapa gaizto samarrak: Xoxoka eta Besabi, Kaxkarro… Bestalde, ez dugu uste bizikletan herrietatik pasatzea arriskutsua denik, ez baikara geratzen. Leku batera joaten zara, buelta, eta inorekin harremanik eduki gabe apenas. Arriskua, beraz, erlatiboa da. Herriko kaleetan ibiltzea, esaterako, askoz arriskutsuagoa da herri batetik bestera pasatzea baino”.