Asteazkena 10. Euskadiko Justizia Auzitegi Gorenak tabernak eta jatetxeak irekitzeko behin-behineko baimena eman zuen, herrietako intzidentzia tasa gorria izanda ere. Sagardotegiak ere bai, noski.
Osteguna 11: Telefonoak sutan. Koadrilakoei. Sagardotegiko jabeen lagun edo senideei. ‘Hi, ireki behar al dik?’. Urnietan, azkenean, Elutxeta bakarrik zabalik. Lagunari deia: “Deitu ezak azkar, lepo beteko duk eta bestela”.
Larunbata 13: Atarikoak eta goiz antzean Elutxetara. Jende gutxi, momentuz, baina Juanjo Urruzola nagusiak esan digu beteta dagoela, jendea deitu eta deitu aritu dela, bazkaltzeko, eta ari dela oraindik. Bakailaoa jaten hasterako bete egin da sagardotegia. Mende erdia betetzear gaudenok ez dugu inor ezagutzen, eta gehienak urnietarrak ez direla uste dugu. Herriko gazte bat etorri zaigu, eta 10 mahaietatik ia denetan urnietarrak daudela azaldu digu: “50 urte dituzue, zer nahi duzue, zaharrak?”. Jaitsi gara herrira, kopatxo bat, eta seiretan, zintzo etxera.
Igandea 14: Biharamun giroa Guria jatetxeko atarian. Bideo festa dabil watsap taldeetan. Iskanbila Urnietan, bezperan. Atxilotu bat eta zigorra jarriko dieten beste bederatzi lagun. Zer pasa zen ba? “Ba 50 gazte mozkor, eta bat-batean Ertzaintzaren hiru furgoneta eta hartzak baino handiagoak ziren 30 polizia agertu zirela. Hortik aurrerakoak badakizkizu, ezta?”. Ba, bai. Gazteek, noski, arau hausteak egingo zituzten, baina 30 ertzain bidaltzeak zer nolako konponbide baketsu ekar zezakeen dakienak erantzun diezadala, mesedez.