Asteartean 29 urte bete zituen Mikel Iturriak. Andaluzia aldean ibili da altuerako prestakuntza egiten, Sierra Nevadan, eta Italian korritu ditu egun bateko bi proba, erritmoa hartzeko. Iazko urte berezia ahaztu eta neurri ona eman nahi du 2021ean. Hori egitea zer litzatekeen galdetuta, protagonismoa izatea dio, sailkapen nagusietan edota ihesaldietan izan. Itzuliko laugarren etapa Urnietatik pasako da, eta Iturriak ihesaldiko kide dela pasa nahi luke herritarren aurrean. Getariarainoko joan-etorri lasaia osatu eta gero aritu da solasean Aiurri-rekin.
Martxoaren erdialdean gaude, nola joan da azken urtea, ze egoeratan zaude, nola pasa da azken urte berezia?
Urtebete atzera pandemia lehertu zenean Sierra Nevadan nengoen altuerako prestaketa egiten. Gero badakizue zer etorri zen: proba asko bertan behera, egutegi txukun bat osatzeko arazoak, taldea Espainiako Vueltatik kanpo geratu zen… Urte berezia, arraroa izan zen iazkoa. Balorazioa kirol esparrutik harago egingo nuke. Esan nahi dut, familia, lagunak, ni neu, osasunez ondo egon gara, ez da gutxi, eta hori jarri behar da balioan. Urte txar batean bi urterako berritu nuen kontratua, Euskaltel sartu da taldean, aurrera pauso bat eman da, eta kirol mailako ondorioak aterako dira bi urte hauek bukatu ondoren. Orain ondo sentitzen naiz. Bi egonaldi egin ditut dagoeneko Sierra Nevadan, Kataluniako Volta korrituko dut datorren astean, World Tour lasterketa, eta ondoren Euskal Herriko Itzulia. Ea taldeko zazpikoan sartzen naizen, eta hala bada, ba protagonista izaten saiatu nahi nuke. Bi proba korritu ditut Italian, Laigueglia eta Larciano Sari Nagusia, txispa pixka bat falta zaidala sumatu dut, baina ezer berezirik ez. Lehen lehiaketa egunak dira, eta normala da puntu baten faltan egotea, behin altuerako prestakuntza bukatuta. Erritmoa hartzen joateko lasterketa onak izan dira. Larciano-n gutxigatik ez nintzen sartu 30-40 onenen multzoan, amorru pixka bat sentitu nuen, baina bide onean nagoela da garrantzitsuena. Voltara ondo iritsiko naizelakoan nago.
Negua garrantzitsua izaten da txirrindularientzat, ezustekorik ez izatea. Ondo joan da?
Bai, azaroan arazo txiki bat eduki nuen, lepauztaia hautsi nuelako, eta hiru bat aste egon nintzen geldirik, baina abendu hasierarako bizikleta gainean nintzen bueltan, berriz, beraz, gauza larririk ez. Negua ondo joan da, otsailean bertan behera utzi dituzten lasterketak iritsi diren arte. Andaluzia, Valentziako itzulia… Niri baino gehiago taldeari egin diote kaltea, helburu garrantzitsuak zirelako taldearentzat. Apirila edo maiatzean korritu ahal izango direla dirudi, beraz gaitzerdi.
Bi ekimen nagusi izango dituzu, Kataluniako Volta eta Euskal Herriko Itzulia, taldean sartzen bazara, lehenengoa, eta bigarrena Espainiako Vuelta.
Bai, nire gustuko plangintza da. Orain hilabete eskas jakin genuen Vuelta korrituko genuela. Baikorrak ginen, baina baieztatu arte ezin gauzak erabaki. Baieztatu zen, denboraldi osoan daukagun erakusleiho garrantzitsuena da, eta gustura gaude berriro bertan lehiatzeko aukera izango dugulako. Bloke bat udaberri hasieran izaten da, bigarrena uda bukaeran, tartea badago biak egoki prestatzeko.
Voltan, Itzulian, Vueltan hor egin nahi zenukeela diozu, zer da zuretzat hor egotea?
Pertsonalki maila onean iristea, ze gaizki bazaude ez du merezi bertan egoteak, musu truk sufritzeko. Maila lortuta, nire lekua bilatzea. Sailkapen nagusiei begira, indartsuenengandik gertu egotea, ahalik eta gertuen, eta ihesaldiei dagokionez, ba protagonista izaten saiatzea. Aldez aurretik ezin da erabaki indarrak batera edo bestera bideratuko dituzun, lasterketak jartzen du bakoitza bere lekuan.
Zerk betetzen zaitu gehiago? World Tour itzuli batean Top 15 edo Top 20 izatea, edo ihesaldi bitartez garaipenak lortzen saiatzea?
Top 20 bat egitea oso zaila da World Tour lasterketa batean. Erakartzen nau saiatzeak, lortuko banu, nire kirol ibilbidean beste aurrera pauso bat eman dudala suposatuko luke. Trukean, baina, uste dut jendearen begietara oihartzun handiagoa daukala ihesaldietan saiatzea, garaipenaren arrastoan ibiltzea, nagusian 115. postuan sailkatuta ere. Ez da aldez aurretik erabaki dezakedan zerbait. Akaso ihesaldi batean sartzen saiatzen zara, ez duzu lortzen, eta gero onenengandik gertu helmugaratzen zara. Aldi berean, oilarrengandik gertu egoteak ihesaldiak harrapatzeko eduki dezakezun askatasuna mugatzen du, sailkapen nagusian postu ona baldin baduzu ez dizutelako tarte handirik emango ihesaldia harrapatzeko. Thomas De Gendt banintz, nire pentsaera ezberdina litzateke. De Gendt-ek berak sortzen ditu ihesaldiak, berak erabakitzen du momentua, oso indartsua delako, baina nik ez daukat gaitasun hori. Errepidean ikusiko da zertarako gauden. Bai Volta eta bai Itzulia urteko lasterketa azkarrenetakoak dira, tropela oso azkar joaten da, Paris-Niza eta Tirreno-Adriatikotik datozelako asko, sasoi puntu on-onarekin. Iparreko klasikoak ere ate joka ditugu, eta horrek dena pixka bat gehiago azkartzeb, zailtzen du.
Ihesaldi batzuk harrapatu izan dituzu, batzuetan maila handikoak, baduzu sen berezi hori.
Maila oso handia da, eta ihesaldi bat helmugara iristea oso zaila da. Ihesaldietan sartzea lortu izan dut, eta urteen joan etorrian ba sekretutxoak ikasten dituzu, noren gurpila zaindu, noiz irten, noiz ez…
Tropela beti dabil bizi, baino aurten itxura du inoiz baino azkarrago doala. Ados zaude?
Lasterketa dezente geratu dira bertan behera, eta World Tour taldeek lehen korritzen ez zituzten probak korritzea erabaki dute, txirrindulariak indartsu mantentzeko. Horrek, noski, maila handitu du. Bigarren mailan gauden taldeak, aldiz, lasterketa gutxiago ditugu luzimendurako, baina gai garela erakusteko gogoa, onenen parekoa da. Lehia itzela da, inork ez dio balaztari eragiten, eta egutegia bikoiztu arte, Euskal Herriko Itzulia pasa arte ziztu bizian ibiltzen jarraituko dela esango nuke. Ondoren batzuk klasikoetara bideratuko dira, besteak Italiako Girora, eta horrek tropelera lasaitasun apur bat ekartzea espero dut. Hala ez bada denok oporretara joan beharko dugu maiatzean. Polita da erritmo ero hori, baina lehen kilometrotik helmugara iritsi arte dena disputatzeko grina hori nekagarria ere egiten da. Ihesaldirik ez da oparitzen, edo errazten, dagoeneko, iraganean itzuli handietan gerta zitekeen moduan.
World Tour beste maila bat dela onartuta, haiekin lehiatzea ere pizgarria izango da zuentzat, ezta?
Bai, azken finean haiek ere, eta mugak muga, menderatzeko moduko lehiakideak direlako. Behin bakarrik izan bada ere, nik demostratu dut posible dela. Pertsonalki nahiago dut World Tour mailako proba batean borrokatu, garaipena lortzeko, World Tour ez den proba batean baino.
Itzuliko zazpikoa ez dago baieztatuta, momentuz, baina esperantza baduzu, zerrenda horretan egoteko. Etapa bat, gainera, Urnietatik pasako da. Nola irudikatzen duzu momentu hori?
Itzuliko irteeran baldin banago herritik ihesaldiren batean pasatu nahi nuke. 2019ko itzulian ere ihesaldi bat harrapatu nuen, Gasteiztik abiatu zena, eta oraingoan zergatik ez. Ibilbidea oso ondo ezagutzen dut, Jaizkibel eta Erlaitzen gora sarri ibiltzen naiz. Ea aukera izaten dudan, eta Urdazubin bezala, asmatu. Urnietatik pasatzen den etapa laugarrena da, sailkapen nagusian tarteak izango dira, ordurako, eta esango nuke ihesaldi bat sortzeko aukera egongo dela. Hondarribian eta Ondarrun bukatzen diren etapak dira egokienak gure moduko taldearentzat, etapa garaipena bilatzeko. Besteetan zailagoa izango da, 5-10 lagun ibiliko baitira egurrean, eta hor tokitxo bat egitea oso zaila izango da.
Afiziorik izango ote da Itzulian?
Ez dakit debeku zorrotzik jarriko duten. Irteera eta helmugatan jendea pilatzeko mugak egongo direla jakina da, baina pentsatzen dut mendateetan-eta jendea bertaratzeko aukera egongo dela. Txirrindulariok nahiko genuke bide bazterrean jendea ikustea, euskaldunok zerbaitegatik ezagun bagara gure zaletasun eta animoak emateko indarragatik baita. Txirrindulariok ere eskertzen ditugu animo horiek. Euskaltel-Euskadi Euskal Herriko Itzulira bueltatuko da zortzi urte geroago, eta zer hobe jendearen animoekin bada.