Realak irabazi du Kopa, merezita, 34 urte geroago

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2021ko api. 4a, 00:06

Argazkia: Real Sociedad

Lehen zatian hobeto aritu da Athletic, baina bigarrenean nagusi izan dira zuriurdinak, izan duten aukeran asmatuz, eta Athleticen sormen jokoa itoz

Realak irabazi du Kopa, 34 urte geroago. Zaragozako titulua eta Madrilgo porrota bizi izan zuen belaunaldi oso bat halako arrakastarik ikusi gabea zen, eta pandemiak urtebete atzeratu duen titulua Donostia eta Gipuzkoa aldera etorriko da. Merezita, Reala hobea izan delako. Ez du partida ikusgarririk egin, baina bai Athletic baino hobea izan. Ez lehen zatian, zurigorriak hobexeago aritu direlako, baina aldageletatik bueltan panorama aldatu egin da asko. Reala bere joko lotua egiten hasi da, eta Oiarzabalen jokaldi batek polemika eragin du. Bere erdiraketak Iñigo Martinezen besoan jo du. Area barruan edo kanpoan ote zen erabakitzeko minutu batzuk behar izan ditu epaileak. Azkenean ez du penaltirik adierazi, baina jokaldi horrek hauspoa eman dio Realari, eta Athletic itzali. Gutxira, Merinok pase zoragarria eman dio Porturi, eta Martinezek penalti argia egin dio. Jokaldi garbia, baina polemikaz inguratuta hori ere, epaileak txartel gorria erakutsi diolako atzelariari, behin-behinean, eta horia jokaldia VAR-ak ikuskatuta.

 

Oiarzabalek gola sartu du penaltiz. Athleticen erreakzioa espero zen, baina ez da halakorik gertatu, Marcelinok aldaketak egin baditu ere. Batez ere Realak ez diolako utzi. Taktikoki oso partida ona jokatu du Realak, falta asko eginez, eta Athleticen sormen jokoa erabat itoz. Muniainek eta Raul Garciak arazo asko izan dituzte jokoa sortzeko, Berenguer eta eta Williams-ekin jokatzeko, eta Realak apenas sufritu du gol bateko aldea mantentzeko. Alex Remirok apenas izan du lanik, eta finala 98. minutura arte luzatu bada ere, ondo eutsi diote txapeldunek.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!