Hiru urteko amesgaiztoaren bukaeraren hasierari ekin dio Jokin Lizeagak

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2021ko api. 17a, 19:04

Urnietako mendi korrikalariak sasoi puntu bikainean dagoela erakutsi du, mugak-muga, 28 kilometroko saio gogorra bi ordu eta laurden eskasean bukatuta; babes ikaragarria izan du herriko plaza eta mendietan

Jokin Lizeagak aspaldi amestutako pausoa eman du. Bere irudimenean iltzatuta zeukan sekuentzia errealitatea da, dagoeneko: goizean goiz jaiki, emaztea eta seme-alabekin gosaldu, kirol jantzi eta oinetakoak soineratu, lasterketa gogor bat osatu eta jendez mukuru zegoen herriko plazan bertako seme kuttuna bailitzan helmugaratu, txalo zaparrada soinutsu eta besarkada goxo artean. Hiru urte pasa dira zulo beltz bateko ezina itxaropenaren argia bilakatu denerarte. Hiru urte luze Lizeagak bere buruari oraindik orain mendi korrikalaria dela erakusteko. Badela inork gutxik zeukan zalantza herrian, mendi korrikalari probak ikusten dituztenen artean. Zalantza handiena Jokinek berak zeukan, eta zalantza uxatu du. Bada korrikalari, eta ez nolanahikoa. Iraganean zen bezalakoa: korrikalari aparta. 2.14.55 denbora egin du 28 kilometro eta 1.800 metroko desnibelari buelta emateko, baina denbora hori baino garrantzitsuagoa zen Jokinentzat ahalegin fisiko hori onartzeko moduko oinazeekin osatu ahal izatea. Izan dituelako oinazeak, baina jasateko modukoak. Proba korritu aurreko hainbat saiotan etxera bueltatu behar izan du errenka, ezinean, minak jota, eta ez aspaldi, gainera. Gaur gorputzak, eguraldiak, karmak, jendeak, herriak merezi zuen aukera eman dio korrikalariari, eta korrikalariak bere bizitzako atal bat itxi du. 

 

Edo ixten hasi da. Hastea ere ez baita erraza izan. Eguraldi bikaina eman dio naturak apirilaren 17an naturaren maitale zintzoari: ipar haize fina, hotza, baina eguzki printzak han eta hemen. Eguraldi espeziala, mundiala, Urnieta aldean esaten den bezala. Goizeko urduritasuna azken orduko xehetasunak lotzen eman du Jokinek: elkarrizketaren bat, kronometroko arduradunarekin azken detaileak, Udaleko langileekin azken txantxak... Beroketa arin bat Santa Leokadia ermita inguratuz, eta goizeko 9retan, egurra. Herriko plazan 30-40 lagun, baina mendietan askoz gehiago. Jendeak Jokin bere habitat-ean ikusi nahi izan baitu: Izan Onddon, Adarran edo Onddin. Adarran koadrila handia zeukan zain, zenbaitzu Besabin bertan pasata gaua furgionetan, goizean goiz lasai ibiltzeko. Onddin hainbat familia bildu dira, euren seme-alaba txikiekin, eta ederra izan da Lizeagak txikienengan sortzen duen miresmena ikustea, bere arrastoaren atzetik abiatu baitira indartsu dozena bat mutiko eta neskato.


Hiru gailur horietan zeuden guztiak herriko plazara hurbildu dira pixkanaka, eta Lizeagak bere bidea jarraitu du. Hernaniko Portu auzoan ere txaloak jaso ditu, Santa Barbara Gotorlekuan bezala, eta Azkortetik Buruntzara jendetza batu da. Punta batetik besterako bidean egin du azken ahalegina Jokinek, ordurako nahiko hustuta zihoala jabetuta, baina behin Buruntzako gurutzea ukituta, paradisua ukitzen hasi da. 10-11 minutuko jaitsiera azkarra baino ez, herriraino. Azkorte ermita aurrena, A-15 autobidea zeharkatzen duen pasarela gero, oso kuttuna duen Fatimako ermita, bere etxeko ataria, Zaldundegiko pasabidea, eta astoen aldapa, Aldapeta tentea, herriko plazara iritsi aurretik. Jokinek sumatu du han burrunba handia zegoela, baina ez zuen uste hainbestekoa izango zenik, ehunka pertsona baitzeuden bere zain giza pasabide bat osatuz. Lide eta Negu seme-alabei heldu eta helmugaratu da, han Ainhoa emaztea eta Intza alaba txikienarekin segundo pare bateko intimitate ez intimoaz gozatzeko. Ondoren txanpaina etorri da, eta herriari eskertza zintzoa.


Arnasa hartzeko astirik gabe aritu da Jokin plazan, Realeko jokalaria edo Beatles taldeko rock izarra bailitzan, bertaratutakoekin argazkiak atera eta atera. Eta berriro gazteenak protagonista. Maisu jardunaren ondorio ote, gazteenek korrikalariari dioten miresmena? Mikrofonoa hartu du Lizeagak, eta minutu pare bateko diskurtso hunkigarrian egon direnei, ez direnei, eta pandemiagatik egon ezin izan dutenei eman dizkie eskerrak, apirilaren 17ak bere bizitzan zer suposatzen duen jakinaraziz bizilagun eta besteri. Duela hiru urteko apirilaren 7a oso txarra izan zela berarentzat, baina haren tokia apirilaren 17 eder batek hartu duela. Txanpain tragoska bat hemen, txorizo pintxoren bat han, haimaikagarren koadrila argazki eske, etxeko bakera iritsi denean jabetu da Lizeaga zenbateko zama askatu duen gaur Urnieta inguruko bost mendietan barrena. Eta zama hori ezin da kiloetan neurtu!!!

 

Zorionak Jokin!!!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!