Urteko lasterketa ederrena hasteko

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2021ko mai. 8a, 12:38

Ohiko garaira bueltatuta, ibilbide erakargarria, faborito sorta aberatsa eta lasterketa irekia eskaintzen ditu Giroak; Simon Yates eta Egan Bernal dira, itxuraz, faboritoak; Mikel Landa, Pello Bilbao, Almeida, Evenepoel, Vlasov eta beste hainbat, podiumera igotzeko hautagai

Filippo Tagliani txirrindulariak emango dio hasiera Giroko 104. ekitaldiari, Turin hirian. Ordubietan abiatuko da, eta bere atzetik tropeleko beste txirrindulari guztiak. Gaur hasi eta maiatzaren 30a bitarte luzatuko da Giroa, egutegiko itzuli handi politena eta denboraldiko lasterketa erakargarrienetakoa. Tourrean sumatzen ez den askatasuna edo kontrol faltak lasterketa irekitzen dutelako, eta Vueltan ez bezala, Giroan aldapatzarrak jartzen dituzte, baina 10-15 kilometroko aldapa puskak eta sarri 2.000 metroko mugatik edo gorago dauden mendate ikaragarriak. Giroak ezusteari irekitzen dio atea, epikari Dolomita eta Alpeetako txoko ikusgarrietan, baina igotzaile trebeenek ere izango dute non sufritu, tranpatxo ugari baitaude ibilbidean. Strade Bianche txiki bat, Giro erdian, eta 35 kilometro sterrato edo grabel errepidean egin beharra. Bertan eskarmenturik ez, edota talde indartsu baten laguntzarik ez duen oilarrak gorriak ikus ditzake. Horregatik da Giroa polita. Dolomitetan distira egiten duena saritzen duelako, baina klasiketako ibilbideetan ondo moldatzen ez dena zigortu. Egunero dago adi ibili beharra, erorketak, despisteak saihesteko, eta horrek bizi-bizi mantentzen du Giroa hiru astez.


Faborito sorta aberatsa da, baina bi izen agertzen dira beste guztien gainetik: Egan Bernal eta Simon Yates. Bernal txapeldun handia da, Tour bat irabazi du dagoeneko, eta gai dela badakigu. Bizkarreko minez ibili da azken hilabetean, eta horrek zalantza sortu du bere jardunaren inguruan. Ondoan talde bikaina izango du, bera babesteko, besteak beste Top 10ean aise sailka daitekeen Pavel Sivakov errusiarra. Simon Yates-ek Alpeetako Tourra irabazi zuen 10 egun atzera, eta hankapean ibili zituen aurkari denak mendian gora. Jakina, Alpeetako Tourra ez da Giroa, eta Simon Yates-ek badu halako sona txarra, dena egina duenean, edo aldeko, txakalaldi edo arazoren bat jasateko joera. Aurtengoa izango al da bere urtea? Bi horien atzetik izen asko daude. Bi euskaldun tartean, Mikel Landa eta Pello Bilbao. Itzuli handietan palmares hobea du Murgiakoak, eta Giroan podiuma egin zuen, 2015ean. Sei urte pasa dira orduz geroztik, eta urteak aurrera doaz. Landari itzuli handi bat irabazteko trena urruntzen ari zaio. noizbait tren horretan egon bada... Giroa irabazteko baino podiuma lortzeko hautagai da Landa. Pello Bilbaok ere ez luke urrun egon behar. Landaren taldekidea da, eta berez arabarra babestu eta laguntzeko asmoz ariko da, baina taldean Top 10a egin dezaketen hiru ziklista edukita (Damiano Caruso hirugarrena), bestelako taktika erabil dezake Bahrein-ek, Caruso eta Pellorekin erasotuz.


Ondoren sorta aberatsa geratuko litzaiguke. Joao Almeida hirugarren sailkatu zen iaz, baina iazkoa bitxia izan zen, eta ezustekoa errepikatzea ez da erraza izango, goi mendiak trabatu egiten zaizkiolako portugaldarrari. Baina Deceuninq talde indartsua da oso, eta sterratoko etapan triskantza handia egin dezakete. Remco Evenepoel wonder boy-a lehiaketara itzuliko da 10 hilabete geldirik egin ostean, eta ikuskizun zertarako gai izango den: etapak bilatu, sailkapen nagusian saiatu... Logikak dio garaizegi dela nagusian saiatzeko, baina batek daki, Remco nahieran ibili baita korritu dituen proba apurretan. Masnada ere hautagai ona da Top 10a bilatzeko. Astanarekin erne, Vlasov-engan konfiantza handia baitu Kazakhstango taldeak. Gorka Izagirre izanen du alboan. Eta Marc Soler, Nibali, Hindley... zer esan horiei buruz? Ba horixe, akaso goian ibiliko direla, goian, edo podiumaren usaian ibiltzeko hautagaiak ez direnean.


Ibilbidea ederra da, betiko legez. Ezin baitu itsusia izan Italiak duen paisaia aberastasunarekin. Hegoalderantz lehen erdian, iparrerantz bigarrenean, Apeninoetan barrena etapa sorta polita korrituko da. Apeninoak ez dira Alpeak edota Dolomitak, baina ingelesez hain ohikoa den tricky etapa bihurriak prestatzeko terreno ezin hobea dauka. Ibilbide gogaikarria, nekosoa, Euskal Herrian dugunaren tankerakoa, orain jaitsi, hurrena igo, eta batere atsedenik gabe, indartsuena lehertzeko aproposa. Eta azken astean Dolomita eta Alpeak. Dolomitetan Zoncolan mitikoa, baina Sutrio herritik igota, ez Ovaro alde ezagunenetik. Halere, aldapa puska. Eta etapa gogorrena, italiarrek tappone esaten diotena, 210 kilometro, eta azken 70 kilometroetan hiru mamutzar: Fedaia edo Marmolada, Passo Pordoi eta Passo Giau, 2.000 metrotik gorakoak denak, eta lehenak eta hirugarrenak batez besteko malda ikaragarriekin. 5.700 metroko desnibel pilatua du etapak, denera. Datu horrekin gogortasun eztabaida edo zalantza oro itzaltzen da. Cortina d'Ampezzo herri dotorean bukatuko da etapa, eta ondoren etorriko dira Sega Di Ala, Alpe di Mera eta Alpe Mottako bukaera bihurriak. Beldurtzeko moduko azken astea, Stelvio, Gavia, Mortirolo edo Agnello mendate mitikoak igoko ez badituzte ere.


Hutsuneren bat bilatzekotan, Giroak erlojupekoan prestatu duen kilometro kopuru eskasa, 40 eskas denera. Balantzak oso desorekatua dirudi igotzaileen alde, baina egia da erlojupekoetan minutuak irabazten direla, eta aldapa askotan segundoak baino ez. Lehen maglia arrosa zortzi kilometroko erlojupeko urbano batek erabakiko du, tekniko samarra, adituen ahotan. Bi izenen artean dirudi lehen arrosak: Remy Cavagna Clermont-Ferrand-eko TGV-a, edo Filippo Ganna, Verbaniako erraldoia. Bakarren batek festa horretan sartzeko gonbidapen txartela har dezake, gonbidapenik eskaini gabe, eta hori Remco Evenepoel da. Zalantzak argitzeko, atari honetan sartu, arratseko seiak aldera. Gaur, eta Giroak irauten duen bitartean arratsaldero!


AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!