Erraldoia bai, baina kankailua ez. 1.93 zentimetroko mutil puska da Filippo Ganna, baina gozamena da 90 graduko bihurgune itxietan bizikleta nola etzaten duen, ze abiadura gutxi galtzen duen, eta ze dotoreziarekin berreskuratzen duen bere posizio naturala, ostera egurrean hasteko. Klase handiko mutila da, watio kopuru sineskaitza mugitzen duena kolpe bakoitzea, baina kadentzia handiarekin. Eman, eman eta eman. 9 kilometroko lan eskasean 58.7 kilmetro orduko batez bestekoa lortu arte. Ia 60 kilometro orduko!!! Zalantza izanez gero, errepideko bizikleta hartu eta maldan behera 60 kilometroko abiadura lortzea zein nekeza den frogatu. Gannak ordekan egiten du, beheranzko maldaren laguntzarik gabe.
Halako zalantzak eragin zituen Ineos taldekoak Romandiako bi kronoetan, batez ere luzean, Cavagnaren aurrean makurrarazi behar izan zuelako. Suitzan, baina, eguraldi bustiak ere bere eragina izan zuen. Turinen ez. Turinen, bere jaioterritik 150 kilometrora Giro honetako lehen garaipena eskuratu du Pippo Gannak. Bere bosgarrena korritzen duen bigarren Giroan, iazkoan lau etapa irabazi baitzituen. Maglia arrosa ere lortu du, noski, eta egun batzuetan Italian barrena erakusteko aukera izango du etapa garaileak. 10 segundo jan dizkio ezustekoa eman duen Edoardo Affini herrikideari, Jumbo Visma taldekoa, eta 13 Affiniren Tobias Foss taldekideari. Begirada guztiak Remco Evenepoel-en gainean zeuden, nola bueltatuko zen iaz jende oro aho bete hortz utzi zuen fenomenoa. Hainbestean aritu da wonder boy, garaipenetik 19 segundora, onenengandik urrun samar. Cavagna bezala. Faborito argia zen, baina ez da garaipenaren jokoan sartu.
Eta oilarren inguruan zer? Ba Joao Almeida izan da denetan azkarrena, espero bezala. Ziur aski gaur irabazitako segundoak hutsaren hurrengoa izango dira hiru igande barru, baina terrenoa markatzeko balioko dute. Almeida portugaldarra erreferentzi gisa hartuz, ontzat emateko moduko denbora egin dute Vlasov-ek, zazpi segundora, Pozzovivok, 14ra, Carusok 15era, eta Sivakovek 17ra. Ez kontent, ez haserre, multzo horretan kokatuko genituzke Pello Bilbao eta Simon Yates, 19ra, eta Egan Bernal, 20 segundora. Eta ez dira pozik egongo Vincenzo Nibali, Almeidarengandik 24ra, Soler 25era, Hindley 29ra edota Mikel Landa, 32ra, oilarren artean denborarik kaskarrena egin duena.
Bihar bigarren etapa korrituko da, Stupinigi eta Novara artean. 179 kilometro eta laugarren mendateko gaintxo bat baino ez bide erdian. Volata usaina du lehen etapak.