Nekez ikusiko duzu Giroko hirugarren etapan gertatutakoa Tourrean edo Vueltan, beste itzuli handietan; ezusteko garailea, tropelaren ezina, baina emozioz betetako bukaera, eta esnatzen garenean desagertzen diren ametsak ez bezala, gauzatu egin zen ametsa. Protagonista Taco Van der Horn herbeheretarra izan da, zortzi laguneko ihesaldiko indartsuena, jarrera ausarta erakutsi duena helmugatik zortzi kilometrora Simone Pellaud iheskidea ordekan atzean utzi eta ametsaren bila kementsu abiatuta. Bikaina Wanty taldekoaren egurra, egun guztia ihesean egin eta bukaeran hain sendo, hain indartsu jardun izana. Hainbesterako, Peter Saganen Bora taldeko morroiak erre dituela, euren jazarpen ahalegina ustel bilakatuz. Ez Bora bakarrik, helmugatik 15 kilometrora zegoen Guarene muino gaiztoan Cicconek eta Gallopin-ek martxa egin dutelako, baina ezin izan dutelako Van der Horn irentsi. Ikaragarria eta merezitakoa Van der Horn-en balentria.
Etapa bukaeran aitortu zuen garaileak, ahalegina arrakastatsua izateko %0.5-eko aukera zutela, baina iritsi egin direla. Eta azken 200 metroetan sartu arte ez duela atzera begiratu ere egin. Orduan jabetu dela garaipena berea zela, bere buruari ingelesezko WTF akronimo ezaguna esanda. Inork ezer oparitu ez dion balentria da, eta tropela zalantza putzuan murgilduko duena. Gaurko saioa ezin aproposagoa zelako Bora eta Saganentzat, edo Ulissi eta UAE-Emirates-entzat. Baina, nahi eta ezin. Ihesaldiak tropelari burla egiten dion aukera bakarretakoa izan da Canalen bukatutako etapa, baina hala izan delako ederra, ahulagoen, edo ezezagunenen arrakasta beti delako politagoa.
Bestelakoan, eta oilarrei dagokionez, etsigarri samarra izan da etapa, ez baita apenas mugimendurik egon. Gallopin eta Cicconeren mugimendua baino ez. Uliisi, Moscon, Bettiol, eta batez ere Remco Evenepoel-ek mugimenduren bat egitea espero zen, baina ez zen ezer gertatu. Azken aldapa etzanegia zelako, edo hanka zuztarrak oraindik ondo olioztatu gabe daudelako izan den, ezin jakin. Gaur Van der Horn-en eguna izan da. Hura harrapatuko zuen talderik ez zegoen gaur tropelean, eta etapa garailea txalotu beste erremediorik ez dauka gaur txirrindularitza zaleak. Sailkapen nagusian ez da aldaketarik egon, Filippo Gannak hirugarren egunez jarraian eutsi dio maglia arrosari.
Bihar laugarren etapa korrituko da, etapa bihurria oso: Piacenza-Sestola, 186 kilometro eta azken 100 kilometroak gaiztoak, gorabeheratsuak. Hirugarren mailako bi mendate pasako ditu tropelak. Montemolino da bigarrena, eta azken bi kilometroek %11.6ko batez besteko pendiza dute. Bukaeratik bi kilometro eta erdira bigarren mailako Colle Passerino gaina dago, ziur aski Giroko lehen mendate serioa: lau kilometro luze eta ia %10ko batez besteko pendiza, %16ko maldak tartean. Gainetik Sestolako helmugaraino bi kilometro eta erdi daude, azken kilometro eta erdi goranzko joerarekin. Su handi samarra espero da oilarren artean.