Porco cane entzun zen atzo sarri Giroko tropelean, eta bide ertzeetan. Itzulpen beharrik ez daukaten hitzak dira, laugarren etapan ze giro izan zen ikusita erraz ulertuko direnak. Euriari euria, hotza, zoru putzutua, eta 190 kilometroko etapa nekagarria. 25 laguneko ihesaldia egin da hasieran, zaldi on askoak tartean: Taaramae, de Marchi, Dombrowsky, Edet, Oliveira... Zortzi minuturainoko zuloa egin dute, INEOS kontrol lana egitera mugatu delako. Gannak egin du morroi lana, maglia arrosa eramateko ardurarik gehiago ez zuela nahi adierazten duen erabakia.
Aurretik Taaramae eta Jensen joan dira, baina De Marchik azken bala bat zeukan gordea, eta azken mendatean aurreko biak harrapatu ditu. Ez zuen, baina, Dombrowskyren erresistentzia espero, eta UAE-Emirates-eko estatubatuarrak azken mendateko malda pikoetan utzi du atzean De Marchi indartsua, Sestolan bakarrik helmugaratzeko. Maglia arrosa lortu du, behintzat, De Marchik. Palmares bikaineko txirrindularia, bigarren postua ere askotan egin du, eta maglia arrosa atseginez jantziko du, italiarra izanda.
Oilarren artean Bahrein Victorious taldeak argi asko azaldu du bere intentzioa. Erritmo gogorra jarri du Pello Bilbaorekin azken horman, eta Mikel Landak egin du erasoa gainetik kilometro pasatxora. Aise ireki du 100 metroko aldea, eta aurretik zihoan Ciccone harrapatu. Atzetik Vlasov atera da bere bila, eta Egan Bernal eta Hugh Carthy eraman berarekin. Bisai ona ikusi zaio Bernal-i, beste guztiak baino erosoago zihoala zirudien. Boskote hori helmugaratu da beste guztiak baino lehen, baina aldeak ez dira ikaragarriak izan, salbuespenak salbuespen.
Landarengandik 11 segundora helmugaratu dira Evenepoel eta Yates, 34ra Nibali, Pozzovivo, Sivakov, Soler eta Pello Bilbao, 1.14ra Masnada, eta ia bost minutu galduta eta Giroko borrokatik erabat jokoz kanpo, Joao Almeida, iaz hirugarren sailkatu zen portugaldarra. Ikuskizun gaurko diferentziak joera baren erakusle diren, edo eguraldi gaiztoaren ondorio. Gauzak ikusi dira, behintzat. Aurrerantzean gauza berak, edo beste batzuk ikusiko diren jakiteko egun pare bat itxaron beharko dugu.
Bihar etapa gozoa korrituko baita, gaurkoarekin alderatuta: Modena-Catolica, 175 kilometro, eta aldaparik txikiena ere ez, tarte guzti horretan. Volateroen txanda!