'Haurrak' agintean!!!

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2021ko mai. 13a, 17:58

Gino Mader 24 urteko gazteak irabazi du San Giacomo gainean, ihesaldia burututa; Bernal hegan ibili da, baina Remco Evebepoel wonder boy-a zelatan du; beste gazte batek jantzi du maglia arrosa: Attila Valter hungariarra

Pioggia, euria goian behean, zopa-zopa eginda bukatu du tropelak beste etapa bat. Hiruzpalau, seitik, dagoeneko, eta epe ertain eta luzean txakalaldiren bat eragingo du lehen aste gaizto honek. San Giacomok beste koska bat zigortu du txirrindularien kemena, hanka zuztarrak, eta Sestolan baino gauza gehiago ikusi dira. Giroak faborito argi bat daukala, lehen ondorioa: Egan Bernal. Hegan doa kolonbiarra, eta INEOS taldeak sekulako indarra dauka bere liderra babesteko. Ordekan Filippo Ganna dute, jazarpen lanerako, eta mendian gora Castroviejo getxoztarra. tropeleko morroi estimatuenetakoa, Daniel Felipe Martinez, Moscon eta beste. Bernalek hautsi du oilarren taldea, baina helmuga gurutzatuta ez zen pozarren. Bere gurpilean sartu baita bere mehatxu handiena izan litekeena, Remco Evenepoel gaztea. Eta bisai onarekin. Wonder Boy egongo ote den ez, zenbat iraungo duen... Giroko laurden bat joan da, dagoeneko, bi etapa bukaera gainetan, eta Deceuninq taldekoa bigarren da sailkapen nagusian. Remcoren ondoan zegoen dagoeneko Trek taldeko lider bilakatu den Giulio Ciccone ausarta

Kaltetuen zerrenda handi samarra. Euskaldunei dagokionez, Pello Bilbaoren galera, kezkagarriena, Gernikakoak minutu bat galdu baitu. Caruso taldekidea, ordea, aurrerago sartu da, eta bi baza horiek kudeatzen asmatu beharko dute orain Bahreingo autotik. Nibalik 45 segundo galdu ditu, Buchmann, Bardet eta Almeidak 28, eta Carthyk, Vlasove-ek eta Simon Yates-ek 17. Erasotzaile bakarra egin da, Bernal, erritmo aldaketa bortitz franko egin dituena, azken bi kilometroetan. Gutxirekin asko ikusi da berriro.


Etapa garaileari ere hitz batzuk, hilabete pare bat atzera eginez gero Paris-Nizako etapa nagusia irabazteko zorian egon zela oroituko baitzarete. Garaipena gozatzear zela tximista baino biziago iritsi zen Primoz Roglic atzetik, eta helmugarako 50 metro falta zirela aurreratu Mader. Gaur ere mamuak ikusiko zituen suitzarrak, ziklista indartsuenak gero eta gertuago izan dituelako helmuga gerturatu ahala. Azkenerako, ordea, 12 segundorekin helmugaratu da, besteak beste Matej Mohoric taldekideak egindako lan bikainari esker.


Bihar 7. etapa korrituko da, Notaresco-Termoli, 181 kilometro eta muino batzuk bide erdian. Itxuraz volata izan daiteke helmugan, baina adi, 1.700 metrora 200 metroko aldapa motz bezain pikoa baitago, punturik gorenean %12ko malda duena. Tarte horrek esprinter peto-peto direnen ahalegina trabatu dezake.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!