Urrutiko intxaurrak hamalau...

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2021ko mai. 24a, 17:57

Egan Bernal nagusitu da Cortina d'Ampezzon, Passo Giaun erasotuz; antolakuntzak Marmolada eta Pordoi kendu ditu etapatik, eguraldi txarragatik, baina baldintzak muturrekoak ez zirela ikusi da gero

Sekulako borroka, triskantza, ikuskizuna espero zen, baina usteak erdiak ustel. Edo urrutiko intxaurrak hamalau, gerturatu eta lau! Goiz erdirako susmoa eta zurrumurrua suelto. Euria goian-behean, hotza, elurra mendateetan eta muturreko baldintza meteorologikoak. Txirrindulariak etapa osoa egitearen alde, baina RCS Giroko talde antolatzailea ezezkoan. Ziklisten segurtasuna zela lehentasun bakarra, eta arratserako zuten eguraldi prebisioaren baitan Marmolada eta Pordoi pasatzea ez zela ziurra eta ez zituztela igoko. Passo Giau, baina, bai, Pordoi bezain garaia izanda ere. Arrazoia? Mauro Vegni Giroko zuzendariarena: "etapak Cortinan bukatu behar du bai edo bai". Alegia, Dolomitetalo hiriburu turistikoak euro asko jarri dituela Giroko etapa nagusia bertan bukatzeko, eta hori negozia ezina zela.


Marmolada eta Pordoiko jaitsierak ez baitira Giaukoak baino zailagoak. Vegni beldurtu egin da, txirrindulariek ez ote zioten plantoren bat egingo, iaz bezala, eta etapa nagusia mutilatzea erabaki du. Sosak jarri dituenak babestuz, noski. Baina Dolomitetara hurbildu diren milaka zaleen haserrea eraginez. Marmoladan eta Pordoin zale mordoa baitzegoen. Horiek guztiek telebistan ikusi behar izan dute etapa... Edo ez! RAI telebista kateak ez baitu apenas zuzeneko irudirik eman, helikopteroek ezin zutelako hegan egin eguraldi txarrarekin.


Txapuza handi samarra, beraz, Giroarena. Eguraldi txarraren kontra ezin delako ezer egin, baina aurrez bai, hain mendate garaietara igotzen ez den ibilbide alternatibo batekin. Tappone itzelak saldu eta iragarri, baino gero korritzen ez badira urteko lasterketa politenak prestigioa galtzen baitu.


Kirol arloari dagokionez, nahikoa izan da Passo Giau triskantza latza egiteko. Eganek bai, hegan egin zuen eta hamaikagarrenez tropeleko ziklista indartsuena dela berretsi. Eutsi, erasotu eta irabazi. Eta beste mendiko etapetan bezala, lana beste taldeek egin ondoren. Gaur Education First izan da ihesaldia jazartu duena, Carthyren mesedean ustez. Britainiarrak pott egin du Giaun Bernalen kemenaren aurrean. Gaitzerdi, podiumeko hirugarren koskara igo da, Bernal eta Carusoren ostean.


Giroa hautsita dago, eta nagusiko 2. eta 3. postuak airean daude momentuz, mendi asko geratzen delako eta gaur ondo ibili direnak etzi pott egin dezaketelako. Bihar atseden eguna. Bigarrena. Eganen etapa garaipenak bezala. Giroa ere irabaziko du.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!