Ederra da txirrindularitza, inork espero ez dituenak gerta baitaitezke edozein unetan. Bernal liderrak kale egitea, adibidez. Inork ez zuen espero, baina pasa da. Sega di Ala malkartsuan egin du pott Zipaquirako magoak, gainerako hiru kilometroren faltan, eta minutu eskasa lapurtu dio Simon Yates-ek. Maglia arrosa urrun du Bike Exchange taldekoak, oraindik, baina duda eragingo dio Ineos taldeko lider orain arte sendoari.
Bernalen txakalaldia egun batekoa edo gehiago den etzi ikusiko dugu, tarteka, eta atseden egunen ondoren halako ezinak ohikoak baitira. Bernalek hainbestean eutsi dio. Vlasov eta Carthy, aldiz, hondoratu egin dira. Yates da hirugarren nagusian orain, 3.23ra, eta maglia arrosa gertuago du. Carusoren bigarren postua ere bai, minutu pasatxora, eta ingelesa borrokalari petoa da.
Txaloak, era berean, Dan Martin etapa garailearentzat. Ihesaldian sartu zelako, aurrena, eta dozena pasa lagun zituen taldetxoko indartsuena izan zelako. Tropel osolo indartsuenetakoa ere bai, Sega di Ala azken mendatea 1.25ekin hasi eta dozena bat segundoko errentarekin helmugaratu baita, garaipen ederra lortzeko.
Bihar 17. etapa korrituko da, Giroko luzeena, 231 kilometro Roveretto eta Stradella artean. Ia denak lauak, azken herenean muino batzuk badaude ere. Volata kontrolatzeko zaila, morroiak justu baitoaz dagoeneko.