Inperioa nagusi, Giroko hiriburuan

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2021ko mai. 30a, 17:23

Filippo Ganak irabazi du Milango erlojupekoa, bere bosgarren kronoa jarraian; Bernal, Caruso eta Yates, podiuma

Nekea zenbatekoa, emaitza halakoa. Filippo Ganna barren hustu egin da Giroan bere liderraren mesedean, bai Milango erlojupekoan aurkari zuzen zituen lehiakideak baino, baina halere garaipena lortu du. Bosgarren kronoa berarentzat, jarraian, Francesco Moser handia gaindituz, eta haren pare jartzeko bidean urte batzuetan (12 erlojupeko irabazi zituen Giroan Moserrek bere kirol ibilbidean). Gannak Cavagna izan du aurkari nagusi, eta zortea etsai, eta alde izan ditu 30 kilometroko lanean. Etsai, helmugara iristear zela atzeko gurpila zulatu zaiolako. Saiatu da nola edo hala ez geratzen, baina azken kilometroan harbide goxoa zuten, gurpila hustuta zuela egiteko arriskutsua. Jaitsi da, hartu du beste bizikleta eta segi, 54 kilometro orduko batez bestekoa lortzeko. Gannaren ondoren abiatu da Cavagna, eta lehen bi erreferentzia puntuetan aurretik izan du Verbaniako erraldoia, 10-12 segundo. Azken herenean, baina gora egin du Cavagnak, eta garaipena eskura zeukanean, erori egin da azken kilometroko bihurgune gaizto batean 15-17 segundo joan zaizkio, eta helmugan 12 kendu dizkio Gannak. Bitxikerietan ere aberats, Giroko azken eguna. Giroko Inperioko hiriburuan, Inperioko, INEOS taldeko ordezkariak nagusi!


Sailkapen nagusian garailea eta podiuma erabakita zeuden, eta ez da aldaketarik egon: Bernal goi-goien, Caruso ondoan, bigarren, eta Simon Yates hirugarren. Joao Almeidak egin du nabarmen hobera, zortzigarren postutik seigarrenera, eta Top 5a ere hamarreko batzuetara. Daniel Felipe Martinezek lortu du bosgarren postua, Bernalentzat lan itzela egin ondoren. Erlojupeko kaskarra egin dutenen artean, Yates, Carthy eta Romain Bardet.


Eta akabo Giroa. Bihar corsa rosa-ko noten kronikatxoa.

 

#Vivailgiro
#amoreinfinito

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!