Giroko notak: 0tik hasi…

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2021ko mai. 31a, 12:43

Hainbat izen propio utzi dizkigu bukatu berri den itzuliak, batzuk onean, eta besteak txarrean

Giroko notak

 

Irakurle, zure baimenarekin, gaur behetik gora hasiko naiz.

 

0: Giroko RCS talde antolatzailea eta Mauro Vegni ugazaba. Txapuza handi samarra egin baitzuten Giroko etapa erabakigarrienean, Cortina d’Ampezzo herrian bukatu zena. Abenduan irrikan egoten gara Giro zaleak, ibilbidea jakin zain, eta igoko dituzten mendatetzarrak gogoan, puztu egiten gara, baina urrutiko intxaurrak hamalau, hurbildu eta lau… etapa gogorrena erabat kamustu zutelako. Muturreko eguraldi baldintzen araua garbia da UCIren arautegian, baina horien interpretazioa askea. Tappone edo Dolomitetako etapa gogorrenean eguraldia kriminala zen, bai: euria, hotza, eta tenperatura 0 eta 2 gradu artekoa Marmolada eta Pordoi gainetan. Bi mendate horiek kentzeko nahikoa baldintza txar? Ez. Antzeko edo egoera okerragoetan errepideratu izan direlako ziklistak. Antolatzaileek planto baten arriskua sumatu zuten, iaz Stelvio igo osteko etapan gertatu bezala, eta Vegni garbi mintzatu zen: “Cortinara iritsi behar dugu, bai edo bai”, horretarako Passo Giau gaiztoko jaitsiera egin behar bazuten ere. Cortinak euro asko jarri baitzituen helmuga izateko, eta tropelak bide erdian planto egin izan balu, akabo, ez ziren Cortinara iritsiko. Hori, noski, ez zuen aitortu Vegnik. Kale RCS-k, ez zuelako ibilbide alternatiborik proposatu, prestatu, eta Pordoi eta Marmoladara hurbildu ziren milaka zale tonto aurpegiarekin geratu zirelako. RCSk berea defenditu zuen, akaso, sosak, baina prestigioa galtzen ari da zaleen artean. Hurrengo egunetan jakin zen txirrindulariek ere etapa osorik ez korritzeko presioak egin zituztela… Zurrumurru hauen inguruko baieztapenik ez dagoenez, juzkurik ez. Argituko da, kontua, berandu baino lehen.

 

10: Egan Bernal eta INEOS: Bigarren itzuli handia 25 urterekin kolonbiarrarentzat. Majo sufritu zuen iaz, bizkarreko minak jota, eta distira handirik gabe, baina eroso irabazi du Giroa. Bere mailan INEOS taldea, ikusgarri beste behin. The Empire beti inperio!!!

9: Damiano Caruso: Morroi jardunerako prest, Mikel Landarentzat, eta nagusiak adina edo lan hobea egin du, 33 urterekin. Bikain siziliarra! Eta galdera: morroi izatera bueltatuko al da, orain?

8: Txirrindulari euskaldunak: Batez ere Jonathan Castroviejo eta Pello Bilbao. Odol garbiko zaldi bikainak, sakrifiziorako prest beti. Castrok aldapa pikoak nola igotzen dituen ikustea, edota Carusok Pellori bere lana eskertzeko egin zion keinuak erakusten du langileen benetako balioa. Mikel Nieve eta Gorka Izagirre ere txukun, beste biak baino distira apalagoarekin.

7: Qhubeca Assos taldea. Garaipen premia larrian aspaldi, sekulako Giroa egin dute hiru etapa garaipen lortuta Schmidt, Nizzolo eta Campenaerts-ekin. Ag2r-Citroen ere txukun, Vendrameren etapa eta Bouchard-entzat mendiko maillota.

6: Caleb Ewan. Esprinter onena. Bi etapa irabazi eta etxera, hiru itzuli handiak korritu nahi dituelako. Nahiko ondo Peter Sagan, etapa bat eta maglia ciclamino-a, eta Merlier debutaria.

5: Simon Yates: Bai, baina ez. Irregularra, bigarren podiuma itzuli handi batean. Falta zaio zerbait. Eguraldi txarrarekin itzali egiten da. Jarrera ausarta erakusten du sarri.

4: Aleksandr Vlasov: Badaramatza itzuli batzuk, faboritoen zerrendan beti, baina podium-eko borrokatik urrun. Laugarren postua onartzeko modukoa al da? Agian bai, 25 urte bakarrik dituelako. Espektatibak hobeak ziren.

3: Remco Evenepoel: Iraun zuen lehen bi astetan, baina pott egin du. Arazo handia dauka teknikoki, jaitsieretan. Beldurrak tenkatzen du, eta ikasten ez badu gorriak pasako ditu aurrerantzean.

2: Talde indartsuenaren diktadura: Etapa asko ustel samarrak izan dira, INEOS taldeak ihesaldiak minutu asko hartzeko erabakia hartu duelako. Hiruzpalau etapetan 10 minututik gorako atzerapenarekin helmugaratu da tropela, eta batean 23 minutu… Gehitxo.

1: Gaviria eta Viviani: Pattal, oso, eta elitean jarraitzeko komeriekin, emaitzen faltan. Oso berde Giroan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!