Gerra bat izango da, Inperioa sututa eta zauritua sentitzen da eta Galiako ez, Esloveniako Asterix eta Obelix-en aurka egin nahi du, Pogacar eta Roglic-en aurka, bi erreboltari horiek lapurtu ziotena berreskuratzeko. Alegia, Frantziako Tourra, La Grande Boucle, egutegi lasterketa onenaren erreinua.
Dave Brailsford managerrak gehiago nahi du, dena. Ugazaba zorrotzenen pare, ez da konformatzen inoiz, eta talde puska osatu du Tourrari begira. Lau izen horiek ikusita edozein beldurtuko litzateke, lauetako edonork irabaz baitezake Tourra. Hiru itzuli handiak irabazitakoak dira: Tao Geoghegan Hart, Carapaz eta G Geraint Thomas galestarra. Porte koska bat beherago dago, baina iaz hirugarren egin zuen, bere lehen podiuma, eta erlojupekoan dauden kilometro kopuru handiak, ia 60 kilometro, mesede egin diezaioke. Inperioak izango ditu morroi onenak: Castroviejo, Luke Rowe, Kwiatkowski eta Van Baarle.
Eta parean ba bi erreboltari esloveniarrak, Inperioari aurre egiten ausartu direnak. Roglicen arrastorik ez dago Euskal Herriko Itzuliaz geroztik. Pogacar gaztea nahieran ibili da bere herriko itzulian. Iaz inor ez zen ausartu biko horri aurre egiten. Pogacar-ena urte bateko kontua ote den, edo dinastia baten hasiera… Hain da liraina eta sendoa bere ibilera, eta bere gaztetasuna… Roglicen inguruan zalantza gehiago dago, dagoeneko ez baita ume moko bat. Baina gaia dauka, eta erlojupekoetan gatza, galanta. Eta nor gehiago gonbidatu daiteke festara? Ba inor gutxi. Miguel Angel Lopez, akaso, edo Frantziako bi enfant terrible-ak: Julien Dartañan Alaphilippe eta David Gaudu bretoia.
Ibilbidea epela da… Erlojupeko asko eta mendia… Mendi selektibo gutxi. Ez konparatu Giroarekin, hango etapa nagusia eguraldi txarragatik bertan behera geratuta ere. Alpeetako bi etapek 150 kilometro dituzte, min handia egiteko motzak. Mont-Ventoux bitan igoko dute, baina bukatu lautadan. Andorrakoa eskasa da oso, Envalira igota ere. Saint-Gaudens-en ihesaldia iritsiko da helmugara, eta 17. etapa, berau igotzaileek hausteko bakarretakoa: Muret-Col du Portet, bidean Peyresourde, Val Louron eta Portet, 16 kilometro %8.7ko batez bestekoarekin, helmuga 2.215 metrora. Hurrengo egunean Tourmalet eta Luz Ardiden, baina 130 kilometro ziztrin…
Eta akabo. Erlojupekoa eta Paris. Zozo samarra, baina azken urteetako tendentzia baieztatzen duena. Etapa gogor-gogorrik ez mendian, eta aurten erlojupeko kilometro dezente. Errepidea epaile, noski. www.aiurri.eus atarikoan kontatuko dugu egunero, etapa bukatu eta berehala.