Ziklismoa, bere esentzian. Etapa ederra, dotorea. Besaulkira itsatsita geratzeko moduko horietakoa. Gero etapa luzeek ez dutela zaletasunik sortzen esango dute... Pogacarrek erlojupekoan erakutsi zuen nagusitasunak erantzuna izango zuela jakina zen, baina hainbestekoa ez. Jumbo Vismak enbidoa bota nahi izan dio Pogacar-i, eta baita lortu ere. Van Aert-ekin jokatu ditu bere kartak, eta estutu ederra eman tropelari eta UAE taldeari. Eguneko ihesaldian sartu da, beste 28 lagunekin, eta noski, han zen Mathieu Van der Poel liderra ere. Hain ondo ezagutzen dute elkar aspaldi, Van der Poel-ek jakingo zuela gaur Van Aert xaxatzeko gogoarekin zela. Sekulako maila zegoen ihesaldian. Datu bat: 50 etapa garaipen Tourrean, eta 13 klasiko handi. Watioak eta gatza, soberan.
Hanka egin dute, eta 7 minutuko zuloa ere ireki dute tarte batean. UAE nahi eta ezin atzean. Direct Energie taldearen errelebo edo laguntzaren bat jaso dute, Frantziako taldeak ez duelako ordezkaririk sartu etapan. Aurreko ihesaldia mendateen zatian sartu aurretik hasi da, eta han Mohoric, Van Moer, Stuyven eta Campenaerts izan dira bizkorrenak... eta Van der Poel-Van Aert zaintzari etekin handiena atera diotenak. Bi horiek ziren, noski, indartsuenak, baina ezin 28 kideko artalde gaiztoa gobernatu. Simon Yates, Nibali eta beste ere ihesaldiko taldean zeuden, eta aurreko lauren erritmoa jarraitu ezinik geratu dira. Van der Poelek lidergoari eutsi dio, behintzat, eta Van Aert-ek hiru minutu lapurtu dizkio Pogacar-i. Tourra irabazteko hautagai al da Van Aert? Ibili lodi ibiltzen da, baina nork asmatu...
Mohoric izan da aurreko laukotean indartsuena. Normalean jaitsieretan harritu izan gaitu esloveniarrak, oso oso trebea baita, baina Signal d'Uchon mendian besteek baino pedal kolpe hobea zeraman, eta hanka egin du, bakarrik helmugaratzeko. Mendiko maillota ere lortu du Bahrein taldekoak. Eta atzean INEOS-en erritmo aldaketa, Roglic larri, eta Carapaz erasoa jotzen. Eta UAE eta Pogacar taldekide bakarrarekin, Rafal Majkarekin. Ahuldade handia da hori, etapa ez baitzen gogor-gogorra. Ez behintzat bihar eta etzi korrituko direnekin konparatuta. Horrek aurkariak hauspotuko ditu, eta Pogacar-ek ongi aukeratu beharko du zein gurpil jarraitu, taldea ez baitauka, itxuraz, sobera handirekin.
Lehen biktima ere utzi du Tourreko etapa luzeenak: Primoz Roglic. Atzean geratu da faboritoetako bat, bigarren mailako mendatean, eta lau minutu galdu ditu helmugan. Asko, baina hustuta, ezinean helmugaratu den seinale. Eta beste egitate bat. Jumbo-Vismak ez du taldekiderik mantendu bere alboan, bere atzerapena murrizteko, eta horrek esan nahi du Roglic jota dagoela, Tourra lortzeko hautagaitzatik kanpo geratu dela. Van Aert eta Vingegaard dira Jumboko liderrrak orain. Eta beste apunte bat. Carapaz-en erasoa. Ez du denborarik irabazi helmugan, baina aise utzi ditu atzean aurkari denak. Esanguratsua? Erantzuna bihar eta etzi, Alpeetan