Lerroon idazketa pasa den osteguneko gau mugituaren ondorio da. Brain storm edo ideia erauntsiaren antzeko bat eduki nuen ordu txikitan, ametsetan akaso. Bezperan Anne Lukin eta Gorka Urbizuren Lisboa abestiko doinuak entzun nituen lehen aldiz, eta estrofa itsaskorra pentsamendu guztietan agertzen zen: ‘Eta orain libre naiz, haizea bezala, libre noa…’.
Ostegun gauak bereziak dira niretzat, irratiko lanak kito asteari dagokionez, eta lankideekin txantxetan ‘askatasuna’ oihukatuz agurtzen naiz. Askatasuna eta libre. Edota libre eta preso. Hitz joko kuriosoak. Nire askatasun gertuko eremuan asko preso sentitzen baitira pandemiari lotuta. Sendi ugari egon dira Urnietan etxeratuta, nahi gabe preso. Zikloturista elkarteko lagunak Errioxan ibili ginen pasa den asteburuan, bizikletan eta ardo dastaketan, baina asteburuan Laruntze aldera joateko asmoa genuen, Aubisque eta Marie-Blanque igotzeko, eta ezin. Arauen preso daude kide asko, txerto pauta osoa bukatu gabe, eta PCRa egiteko gogorik ez, Frantziako Biarno eskualdean barrena ibiltzeko.
Libre, dantzan ibili nuen oroitzapenen kutxa gau gaizto hartan. Eta efemeride kurioso batekin oroitu. Mende laurden Iñaki anaia zena hil zela. Mende laurden! 1996ko martxoan izan zen. Heroinak eraman zuen, bere belaunaldiko asko eta asko bezala. Iñaki guretzat, baina kale jendearentzat Uper, edo Vomper. Ez galdetu goitizen horien jatorriaz,
ez baitakizkit. Andoainen ikasi zuen, eta han izeba eta lehengusuak bisitatzera joaten naizenean, mahai bueltara hurbiltzen diren askok esaten didate: “zu Uperren anaia zara, ezta?”. Eta 25 urte pasata, ba halako poz txikia sentitzen dut.
Anaia zenak gauza asko irakatsi baitzizkidan. Droga menpekotasunen preso zen, baina eguneroko gogor hartan bere askatasun momentuak lortzen asmatu zuen, eta irakurtzea gogorra badirudi ere, preso egote horretan aske sentitzen zen. Garbi zeukalako ez zeukala heroinaren hatzaparretatik ihes egiteko indarrik, kemenik, eta azken trantzean, gogorik ere ez. Joan zen, preso, baina aske, zer egiten zuen jakinda, berak hala erabakita. Alboan ezagutu nuena ezagututa, drogak urrun uztea lortu dut beti. Beno, droga ez legezkoak, edaria legezkoa baita. Nik eta nire bi lagun koadrila guztiak. Fenomeno kuriosoa, hori ere, 15 lagun pasa baikara 1971 eta 1972ko kintoak.
Bi koadrila horietan abiadura ezberdina daramagu. 72koak ari gara, aske antzean, iraganean bezala elkartzen. 71koekin pixka bat atzeratzen ari da egoera, preso antzean pandemia eta bere ondorioekin, baina bueltatuko dira laster Hernaniko Otaño eta Santa Barbara elkarteetako bazkari eta afari oparo horiek. Preso aske baikara!