Tadej Pogacar-ek zer egingo zuen zen zalantza. Ze jarrera erakutsiko zuen erlojupekoan. Edo irabazteko asmoz jardun, edo dena edo ia dena lortuta, lasaixeago jardun, eta garaipenaren atea beste batzuei ireki. Bigarrena gertatu da, eta Pogacarrek etapa lortzeko asmorik gabe egin du erlojupekoa. Bestelakoan ez baita normala Van Aert-ek halako aldea ateratzea liderrari: 57 segundo!!!. Normalean sailkapen nagusian murgilduta dauden ziklistak espezialistak baino hobe aritzen dira itzuko handietako bigarren erlojupekoetan, indartsuago, sendoago iristen direlako. Libournen ez. Pogacarrek berak hala erabakita izan den ez dugu inoiz jakingo, baina korritu dituen hiru erlojupekoetatik bi aise irabazi ostean, zer pentsatua ematen du gaurkoak.
Argitu beharreko beste zalantzatan denetarik egon da. Pello Bilbaok ezin izan du Guillaume Martin gainditu. Ez du erlojupeko ona egin, eta irratiarekin arazoak izan ditu ibilbide erdian. Hiru minutu sartu dizkio Van Aertek, eta 40. postutik gora sailkatu. Gernikakoak erlojupeko hobeak egiten badaki, baina ezin zan du. Vingegaard eta Carapaz-en arteko deman ez da kolorerik egon, danimarkarrak 1.37 sartu baitio Ekuadorkoari. Masek larriago eutsi dio bere seigarrenari, baina eutsi egin dio.
Van Aert Stefan Kung eta Kasper Ashgreen-ekin aritu da borrokan, baina biak gainditu ditu, bere bigarren etapa garaipena lortzeko. Balantze ona Jumbo-Vismarentzat, bere liderra, Primoz Roglic galdu eta gero. Hiru etapa eta podiumeko bigarren koska, etorkizunean zeresana emango duen Vingegaard-en eskutik.
Bihar loria tropelarentzat, Parisera iritsiera, Eliseoko Zelaietara. 108 kilometro, eta esprinta. Cavendish-ek 35. garaipena lortuko ote du, Merckx gainditzeko? Erantzuna arratseko zazpiak aldera!!!