Tourreko notak!!!

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2021ko uzt. 19a, 12:57

10tik 0ra, atzo bukatu zen Tourreko analisia, puntuazio bitartez. Nork aprobatu du? Nork utzi du ikasgariren bat Vueltarako?

10: TADEJ POGACAR: Jaun eta jabe, inork ez dio izkin egin Tourrean, eta nahierara irabazi du, aurkari denak hankapean ibilita sarri. Txapeldun handien legean egin du, gainera, Armstrong eta Indurainek bezala: lehen erlojupekoan kolpea eman, eta mendiko lehen etapan hautsi. Gero iraun, etapak irabazi, eta eroso, Pariseraino. Gustatuko zaizu bere jarduna gehiago edo gutxiago, nik txapeldun eskuzabalagoak gustukoago ditut, baina 22 urterekin, bi Tour, etorkizuna berea da Egan Bernalek kontrakoa esaten ez badu.

 

9: WOUT VAN AERT: Gure herrian esaten den bezela, toterrenua mutila. Euskara jantzian, orotariko autoa. Gorantz, erlojupekoan, esprintean, ibilbide hautsietan... Non ez da ibiltzen morrosko hau? Eta betiko galdera. Neurririk emango al luke sailkapen nagusian itzuli handietan? Horrek apaldu egingo luke WVA-en jarduna beste etapa askotan, eta nire esku balego, ez nuke nahi itzuli handiak irabazten saiatzea.


8: MARK CAVENDISH: 'The Revenant', infernutik itzuli den esprinterra! Lau etapa, eta Eddy Merckx-en marka berdindua, hanka eta erdi tropeletik kanpo zuenean pasa den urrian. Bere jarrera trakets batzuk publiko egin dira Tourrean, mekanikari batekin izandako afera, adibidez, baina horiek ja ez ditu atzean utziko Man uhartekoak. Itzuliko al da 2022an Tourrera? Behar luke... Baina Deceuninq taldeko wolfpack-a gabe jai du...


7:BAHREIN eta JUMBO TALDEAK: Ikaragarri ibili dira, eta garaipen sorta ederra lortu. Bahrein ehiztari trebeekin, Mohoric egurrean, eta Teuns ere nagusi Le Grand Bornand. Jumbok ere lau etapa, WVA eta Sepp Kuss Durango Kid dantzan Andorrara bidean, eta podiumeko bigarren koska Parisen Vineko gaztearekin. Roglic erori zen, eta haren tokia hartzeko ez du duda-mudarik egin danimarkar gazteak!


6: PELLO BILBAO: 6 bat gutxi da, 10 bat merezi ere bai... Giroa korritu eta gero, Top 10a Tourrean... Motorra latza Gernikakoak, beti fidagarri, beti erregular, desgaste handia egunez egun onenen pare egoten. Akaso urruneko ihesaldiren batean sartzea falta izan zaio, baina batek daki, egin izan balu, akaso ez luke oilarren baimena izango.


5: MATHIEU VAN DER POEL / JULIEN ALAPHILLIPPE: Ikuskizuna ziurtatzen dute. Ausartak, berdin die pott egitea, arrakastarik ez lortzea. Beti erasora jokatzeko prest, beti lasterketa deserosoa egiten. Ezinbesteko txirrindulariak edozein lasterketa erakargarri egiteko.


4: INEOS: Itxuraz lau hautagaii zituzten Tour hasieran UAE menderatzen saiatzeko, baina Carapaz eta Castroviejo izan ezik ez dira batere ibili. Geraint Thomas erori egin zen, baina erori gabe ere agerikoa da malda beheran hasia dela. Richie Porte ere eskas, eta Tao Geoghegan Hart iazko Giroko garailea ere missing. Bernal bakarrik dute itzuli handietarako, eta Brailsford Jauna txekera astintzen hasia izango da, dagoeneko!!!

3: 'CHUPARUEDAS'-AK: Euskaraz ironia apur batekin definitzeko ez dut hitz egokirik bilatu, beraz zuen ekarpenak ongi etorriak izango dira. Rigoberto Uran, Wilco Kelderman, Enric Mas... Iraun, iraun eta iraun, aurpegian haize gramo bakar bat jaso gabe, eta kasurik hoberenean TOP 5 edo 6 bat egiteko. Inor ez da postu horretaz gogoratuko bi aste barru. Bereziki nabarmentzekoa Rigoberto Uran-en kasua. Lehertu zen, Pirinioetan, eta agur... Mijin, hobe duk etapak bilatzea!!!


2: FRANTZIAKO TALDEAK: Oso apal aritu dira. Groupama-FDJk zeozer Gaudu bretoiarekin, Cofidis Martin eta Anthony Perez-ekin, Bonnamour eta Latour-en tanta batzuk... Gauza gutxi, eta sailkapen nagusiari begira ere umezurtz. Krisi handi samarra Pirinioetatik iparrera!!!

 

1: MOVISTAR TALDEA: Ulertzen edo azaltzen kosta egiten den jarduna, aurten taldekako sailkapenean ere aukerarik gabe geratu direlako. Bigarren izan dira bi etapetan Erbiti eta Valverderekin, baina Lopezek kale egin du eta Mas-en sapaia Top 10a dela argi geratu da. Ez da ulertzen Valverde onenekin helmugaratzea mendiko etapetan, indarrak gorde eta ihesaldetan saiatu beharrean. Oso Tour tristea egin dute, oharkabean pasa dira tropeleko talde indartsuenetakoa izanda.

 

0: MIAKETAK: Erdizka jakin dugu zer gertatu zen benetan, Pello Bilbaok ETBn eta Matej Mohoric-ek bere bigarren etapa irabazi ondoren egindako adierazpenei esker zeozer. Gauza ezberdin bi dira dopinaren aurka borrokatzea, eta bestea txirrindulariak gaizkile gisa tratatzea. Mohoricek esan zuen, euren argazki eta artxibo pribatu asko arakatzen ibili zirela Poliziak logela kanpoan zaintzen zituzten bitartean, eta une benetan gogorrak izan zirela haiek. Errespetu gehiago merezi dute txirrindulariek!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!