Haizea lagun, erorketak aurkari!

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2021ko abu. 15a, 18:21

Ez da haize-babesik sortu Burgosko goi lautadan, baina helmugatik lau killometrora eroriko handi batek zatitu egin du tropela; Jasper Philippsen izan da azkarrena esprintean, Jakobsen eta Matthews-en aurretik

Haize-babesak espero ziren azken 30 kilometroetan, baina ez dira gertatu, eta tropelak gustura hartu du Burgos hiriko etxe-orratz garaien babesa, Ordurako, baina, eta esprintean bukatzen diren etapa gehienetan bezala tentsioa sumatzen zen, biribilgunez biribilgune, posizio onena bilatzeko borrokan. Eta borroka horretan, lau kilometrora, erorketa handi bat gertatu da. 40-50 lagun libratu dira, baina erorketak taldeen estrategia oro apurtu du. Groupama FDJ taldearena, besteak beste. Arnaud Demare etapa irabazteko faboritoak tokia galdu du, eta ezin izan du bururaino egin, esprinta modu egokian lehiatzeko. Hobeto libratu du egoera Deceuninq-ek, Jakobsenek morroi pare bat izan baititu alboan azken hiru kilometroetan.

 

UAEk era lan ona egin du Molanorentzat, eta argentinarra izan da esprinta abiatu duena. Haren atzetik Matthews, eskuin ertzetik Jakobsen, eta ezkerrekotik, bere kasa, Jakobsen. Kostatu zaio Molano gainditzeko zirrikituren bat bilatzea, etapa garaileari, baina metro erdiko tartea  ikusi duenean suziri baten pare egin du aurrera azken 200 metroetan, eta gurpil bateko abantailarekin irabazi du Jakobsen eta Matthews-en aurretik. Aurrealdean ibili da Alex Aranburu ezkiotarra, gainsariak lortu eta maillot gorria janzteko itxaropenarekin, baina Astana taldekoa bosgarren postuan helmugaratu da, segundoak irabazi ezinik.


Erorikoak utzi ditu, kaltetuak. Adam Yates eta Jack Haig, horietako bi, 31 eta 38 segundo galdu baitituzte, hurrenez hurren, Carthyk bezala, eta Sivakov-ek 1.15. Rubio, Martin eta Azparren, ihesean ibili den hirukotea ere atzerapenarekin helmugaratu dira, baina porru eginda zeudelako etapako azken kilometroak iritsi direnerako. Biharko etapan beste batzuk izango dira protagonismoa hartuko dutenak, baina gauzak normal, ihesaldiak jai izango du berriro. 202 kilometro Picon Blanco mendate gaiztora bidean. Oilarren lehen kolpeak ikusiko ditugu!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!