Zaharrak ahal (nahi) duena...

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2021ko abu. 16a, 18:18

Rein Taaramae estoniarra nagusitu da Picon Blancon, ihesaldia errematatuta, eta lidergoa ere lortu du; tropel nagusian gauza gutxi, oilarrak babesean egin dute bidea haizeak kontra jotzen zuelako

Gutxi eman du Picon Blancok, askok espero genuena baino gutxiago. Vueltako mendiko lehen bukaerari ihesaldi luze batek eman dio errematea, eta oilarren artean ez da ezer gertatu. Apenas mugitu da inor, imintzio txiki batzuk baino ez, eta jendea gordetzen ahalegindu da, arriskatu eta ezer ez irabazten baino. Akaso kontrako haizea izan da erruduna, baina Picon Blancok min handiagoa egin behar lukeen mendia izaten segitzen du itxuraz, bertara igo eta igo eta tropela sobera hausten ez badu ere. Vueltako hirugarren etapa izateak, eta aurretik mendate gogorrik ez pasatzeak ere laguntzen du, diferentziak txikiak izaten.


Tropelaren lasaitasun hori baliatu dute ihesaldia osatu duen zortzikoteak, errenta lasaia lortu eta garaipena euren artean jokatzeko. Zortzikotean odol garbiko zaldi onak batu dira: Lilian Calmejane eta Rein Taaramae. Igotzaile onak ere bai: Joe Dombrowski, Kenny Elissonde eta Tobias Bayer. Caja Rural taldeko Julen Amezketa eta Euskaltel-Euskadiko Soto ere sartu dira. Kosta zaie zuloa egitea, baina Jumbok tropel burua hartu eta egiten utzi die. Bere kirol zuzendariak aitortu du, emankizunean, maillot gorririk ez zutela nahi, horrek desgaste handia suposatzen duelako egunak joan, egunak etorri.

 

Ia bederatzi minutu lortu dituzte, eta Calmejane izan da saiatzen lehena. Picon Blancon gora zereginik ez zeukala jakitun. Frantziarrak hasi du lehen postuan igoera, baina azkar harrapatu dute iheskideek, eta Dombrowski eta Elissondek hartu dute ekimena. Taaramae, baina, xorro-xorro joan da, bien alboan, mugimenduak zaintzen. Erritmo aldaketa bat egin duen arte. Elissonde atzera. Bigarren kolpe bat. Dombrowski ere atzera, eta Taaramae aurrera. Ez zen ihesaldiko igotzaile azkarrena, baina bai indartsuena. Egunak izaten dituzten etapa ehiztari ugari daude, Mollema edo O'Connor kasu, eta horiek eguna dutenean, ondoan igotzaile petoak edukitzea ez da handicap bat. Taaramaek eguna zeukan, eta zuku latza atera dio. Etapa, eta lidergoa, 34 urte ondo beteta. Gazteak nahi duena, eta zaharrak ahal duena dio euskal esaera zahar batek, baina Taaramae zaharrak nahi duena egin du Picon Blancon, eta besteek, gazteak batzuk ahal izan dutena.


Eta oilarren artean zer? Ba ezer ez. David de la Cruzen mugimenduren bat, Adam Yates-en beste bat, baina ezer ez. Bahrein taldea nagusi erritmoa jartzen, tropel buruan, baina ez hausteko erritmoa, Mikel Landari komeni zitzaion erritmoa baizik. Haizeak ausartak beldurtu ditu, eta inor ez da mugitu. Beno, bai, Movistar azken 100 metroetan, Enric Mas-ek hiru segundo irabazteko. Segundo batzuk galdu dituzte zenbaitek, Carapazek minututxoa adibidez, baina egongo diren guztiak batera helmugaratu dira. 

 

Bihar laugarren etapa jokatuko da, Soriako Burgo de Osma eta Guadalajarako Molina de Aragon herrien artean, 164 kilometro eta zailtasun orografikorik ez bidean. Haizea izan liteke esprintaren aurkari nagusia. Erne helmugako azken kilometroarekin, maldan gora baita, %6ko pendiza ia-ia.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!