Pasa da aste bat. Eta etorriko da bigarrena. Eta hirugarrena. Egiari zor, bi etapetan hautsi da sailkapen nagusia, batez ere atzokoan, Velefiquen, Almeriako basamortu errean. 5.000 metroko desnibel metatua baitzeukan etapak. Nekea areagotu egingo da egunak aurrera joan ahala, eta bi etapa gogorretan lasterketa asko hautsi bada, ikaragarri hautsiko da hurrengo bi asteetan. Alegia, orain sailkapenean ikusten diren diferentziak hutsaren hurrengo izango direla. Lehen asteak espero zen txirrindularia utzi du buruan, Primoz Roglic. Esloveniarra da lider, eta itxuraz kontrolpean darama erabat lasterketa. Taldea erre gabe, eta bere ahaleginak muturreraino neurtuz.
Movistar taldeak eman diezazkioke lanak. Velefique mendatean gora aspaldi ikusi gabeko Enric Mas ikusi zen, erasokorra eta Roglic bera urduritu eta behartzeko gaitasunarekin. Batzuentzat Roglic itotzear egon zen Mas, besteentzat ez. Hurrengo bi asteburutan ikusiko da nor dabilen zuzen, Villuercasko ailegaeran eta Avilako mendietan. Movistar-ek beste karta on bat ere badu, Miguel Angel Lopez kolonbiarra. Mas baino igotzaile hobeagoa dirudi malkar handietan, baina Txente Garcia-Acosta eta Patxi Vilaren taldean gaizki bukatzen diren bizefaliak ohiko samarrak bilakatu dira azken urteetan.
INEOS taldeak ere zerbait esan, egin beharko du. Kolpe handia hartu dute Bernalekin ezinarekin, eta Carapazen lehertzearekin, baina Adam Yates eta Egan bera bi minutu eskasera daude sailkapen nagusian, eta euren gaitasuna apurtxo bat hobetzen badute, erne. Venta Luisa mendatean 15 lagunera murriztu zuten oilarren taldea, atzo, eta Roglic eta Movistar isolatzen badituzte, mina egin dezakete oraindik. Ez ahaztu Bernal historiako txirrindulari gazteena izan daitekeela hiru handiak irabazten, eta hori lortzeko gai da kolonbiarra. Vuelta hasieran aitortu zuen justu samar ekin ziola Vueltari, baina hoberantz egingo zuela. Beroarekin ere beti justu antzean ibili da Zipaquirako aztia, eta Asturias aldeko freskurarekin berpiztea ez litzateke harritzekoa izango.
Eta euskaldunei buruz zer? Landa zaleak triste daude gaur, baina dagoeneko ohituta Murgiakoak sarri aurreikuspenak betetzen ez dituelako. Bere korritzeko moduak jendea lotzen du, besaulkitik altxarazi, eta hori nahikoa da bere zaleek harekiko duten miresmenari inoiz uko ez egiteko. Vuelta ez duela irabaziko jakina da, dagoeneko, baina askok ilusio hori zeukaten, Giroan jausi eta bost saihets hautsi ostean. Klasea badu, sobera, eta orain ikuskizun etapak irabazten saiatuko den, edo Jack Haig taldeburuari podiuma lortzen laguntzen ariko den. Bestelakoan, oso aktibo aritu dira euskal herritarrak ihesaldietan egunero, baina garaipena lortzeko aukeratik urrun. Izango dute aukera hurrengo hiru etapetan, aproposak baitira ihesaldiak arrakasta izateko. Biharkoa lehenengoa, Roquetas de Mar-Rincon de la Victoria, 190 kilometroko etapa. Lehen 160ak kostaldearen ondotik, hondarrean bigarren mailako mendate gaiztoa, Almachar, esprinter edo puncheur guztiak atzean utziko dituen malda pikoko gaina. Pankartatik helmugara 15 kilometro, ia denak maldan behera.
Sailkapena:
1. Primoz Roglic (Jumbo Visma) 34.18.53
2. Enric Mas (Movistar) 28ra
3. Miguel Angel Lopez (Movistar) 1.21era
4. Jack Haig (Team Bahrein) 1.42ra
5. Egan Bernal (INEOS) 1.52ra
6. Adam Yates (INEOS) 2.07ra
7. Giulio Ciccone (Trek) 2.39ra
8. Sepp Kuss (Jumbo Visma) 2.40ra
9. Felix Grosschartner (Bora) 3.25era
10. David De La Cruz (UAE Emirates) 3.55ra
11. Aleksandr Vlasov (Astana) d. b.
12. Gino Mader (Team Bahrein) 4.00ra
13. Louis Meintjes (Intermarche) 4.05era
14. Fabio Aru (Team Qhubeka) 4.36ra
15. Damiano Caruso (Team Bahrein) 5.35era
16. Mikel Landa (Team Bahrein) 5.47ra