Segundoz segundo, gero eta gorriago dago Roglic

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2021ko abu. 25a, 18:37

Esloveniarrak etapa irabazi du Valdepeñas de Jaengo ailegaera pikoan, eta segundo batzuk kendu aurkariei; Magnus Cort Nielsen-ek sekulako etapa egin du, berriro, baina helmugatik 150 metrora harrapatu dute

Inurri lana egiten jarraitzen du Primoz Roglic-ek, segundoak irabazten aurkariekiko. Tantaka tantaka edalontzia betetzen doa, eta azken eguneko erlojupekoa oso aldeko badu ere, 35 segundora dauka dagoeneko Enric Mas, eta minutu eta erdira Miguel Angel Lopez. Bernal hiru minutura dauka ia, eta ez dirudi, baten eta bestearen sasoi puntua ikusita, kolonbiarra esloveniarraren aurkari zuzena denik Vueltako garaipenari begira. Roglicek etapa nahi zuen, ziur aski segundoak baino gehiago, eta bere taldeak, Jumbok, garbi utzi du hori, ihesaldi jendetsuak galeraziz, eta aurrera egin duen boskotea jazartzen hasi denean haiek ihes egin eta berehala. Bi minutuko tartea eman diote Cort Nielsen eta beste lau kideei. Etapa lortzeko borrokan sartu nahi zutenaren seinale.


Egurra jaso zuen atzo Jumbok, maillot gorria oparitu zuelako. Askok ez dute ulertu, edo ontzat eman, azken mendatean Roglicek erasotu izana, edota maldan behera hartu zuen arriskua. Gaur ikusi da inor baino indartsuagoa dela, eta bukaera ezin hobea zela berarentzat. Eta irabazi egin du. Magnus Cort Nielsen gladiadorea helmugatik 150 metrora bakarrik harrapatu badute ere. Valdepeñasko azken igoera ikusgarria izan da, horretarako bide ematen baitu. Jumboko Sepp Kuss-ek erritmo itogarria jarri du, eta Roglic-en lehen erritmo aldaketari eraso gogorragoarekin erantzun dio Mas-ek, Roglic-i ipurdia erakutsiz. Esloveniarra bere gurpilera itsatsi da, eta Mas-ek arnasa hartu du 15-20 segundotan. Cort Nielsen apur bat urrundu da, Mas urduritu egin da, etapak ihes egingo ziolakoan, eta 300 metrora beste erritmo aldaketa bat egin du. Roglic-ek aise eutsi dio, eta azken 100 metroetan hanka batekin gainditu du Mas, etapa irabazi eta zazpi segundo gehiago irabazteko.


Bakoitzak bere begiekin begiratzen dio lasterketari. Baten eta bestearen ezaugarriak ikusita, Mas-entzat ezinezkoa zen gaur Roglic menderatzea, tankerako bukaeretan munduko hiru onenen artean dagoelako esloveniarra, Pogacar eta Alaphilippe-ekin batera. Movistar taldekoak, baina beste helburu bat eduki zezakeen: berarentzat oso egokia ez zen ailegaeran Roglic-en pare jarri eta hari 'hemen nago', edo antzeko mezu bat bidaltzea, Roglic beldurtu edo ohartarazteko. Roglic-ek, atzo, Almachar gainean gora Mas-ekin egin zuen bezala, hain zuzen ere. Roglic urduritzea lortuko zuen, agian, baina esloveniarrak tenpoa mantendu du, ez da berotu, eta garaipena ziurra ikusi duenean bakarrik jo du aurrera. Ordura arte Mas-en atzean mantendu da xorro-xorro. Taktikoki bikain, Roglic. Mas eta Movistar? Kronika egile honen iritziz, ez.


Bihar 12. etapa korrituko da, Jaen eta Kordoba artean: 175 kilometro, eta hirugarren eta bigarren mailako mendate bana bidean. Bigarren mailakoa helmugatik 19 kilometrora, eta izen bitxikoa oso: Alto del 14%. Pentsatzekoa da desnibel horretako maldak izango dituela, eta hala bada, esprinterrek jai dute. Bihar bai, bihar ihesaldia iritsiko da!!!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!