Hik lan, eta nik jan

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2021ko abu. 26a, 17:38

Garaipen ederra lortu du Magnus Cort Nielsen-ek, bere bigarrena, atzo ebatsi ziotenaren ordainekoa; Bike Exchange eta UAE Emirates hustu egin dira Matthews eta Trentinentzat, baina esku hutsik eta tonto aurpegiarekin joan dira hotelera

Ohore, Magnus. Gozamena da danimarkarra bizikleta gainean ikustea, nola irauten duen, ze sen garailea daukan. Valdepeñas de Jaen-eko ailegaeran, atzo, hanketan zeukan garaipena, baina Bike Exchange bere talde ohia egoskortu egin zen jazarpenean, Matthewsentzat lanean, baina azken aldapan Matthews agertu ere ez zen egin. Gaur UAEk jokatu du ihesaldiaren borrero papera, sortu eta berehala lanean jarri baititu morroiak Matxinek, ustez Mateo Trentinentzat lana egiteko. Azken mendatean, baina, langilerik gabe geratu da UAE, eta kontrolik gabe ezin izan ditu ihesaldi saiakerak kontrolatu, jokoz kanpo geratzeko. Bike Exchange-ek tropelean sei lagun zituelako erabaki da etapa esprintean, baina Trentin ordurako porru eginda zihoan, maldan behera aurretik zihoan laukotea bere kabuz harrapatzen saiatu baita.

 

Bere taldekideen zain geratu izan balitz ez baitzituzten harrapatuko. 80 kilometro lanean, eta azken unean, erabakigarria zenean, kale. Alto del 14% mendatean Cicconek jo du aurrena, Vine-ek ondoren, eta atzetik etorrita elkartu zaizkie Bardet eta Sergio Henao. Eta tropelean zer? Ba jendea muga-mugan, eta aurrekoak 15, 20, 25 segundu, minutu erdia. Matthews-ek berak larri antzean pasa du azken mendatea, baina bere taldeak lana egin du lodi aurreko laukotea harrapatzeko. Zailena egin dutenean, baina, ez dute esprinta ongi prestatzeko kemenik izan, eta Matthews-ek otsoa bizkarrean zeukan zaim etapa ehizatzeko. Education First-eko Jens Keukeleirek 500 metrora ekin dio, eta Cort Nielsen bere atzetik. Matthews-ek, aurretik zeukan taldekidea lehertuta, metro batzuk galdu ditu, eta agur. Ikusi ere ez du egin Cort. Bagioli izan da Nielsenen garaipena kolokan jarri duen bakarra, baina ezin izan du danimarkarra garaitu. Bigarren etapa da berarentzat.


Ihesaldia iritsiko zela espero zen, baina zenbait talderen poltsikoan armiarma sareak daude, sos beharra, eta etapa bilatzeko ahaleginean ezinezko egin dute ihesaldi oro. Mikel Iturria sartu da eguneko ihesaldian, baina UAEk minutu bateko tartea bakarrik eman dio. Inork gutxik sinesten zuen Trentinen hautagaitzan, baina Matxinek bai, nonbait, eta akabo: ihesaldiek jai. Orain, hotelera bidean, buru makur joango da Matxin, eta ihesaldikoak berarekin haserre, hartu duen erabakiarekin, baina hau txirrindularitza da. Norberak komeni zaizkion erabakiak hartzen ditu. Hurrena beste talde bat izango da UAEren nahia zapuztuko duena.

 

Bihar 13. etapa, 203 kilkometroko etapa zozoa, mendaterik gabekoa, eta 38 graduko tenperaturarekin! Gaur txirrindulari guztiak azkazalak izerdituta iritsi dira Kordobako helmugara, bihar beste salda razio bat!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!