Bigarren aste etsigarria bukatu da, zorionez, eta hirugarrena dator. Etsigarria, ezer ez delako gertatu sailkapen nagusian. Gertatuko al da hirugarrenean? Jendea justu samar doa, bigarren asteko beroak erasanda buelta eman ezinda. Eikking liderra eta Guillaume Martin eroriko dira, borroka handirik egin gabe, baina Top 10ean sartu nahi dutenek haiek zigortu beharko dituzte, egun dauden pribilegio posiziotik jaitsarzteko. Podiuma ezinezko dute, gertu dituzten igotzaileak ikusita, eta Top 5a ere larri. Eikking eta Martin eroriko direla iragarri daiteke, baina borrokarik, triskantzarik egongo al da Asturiasko bi etapa menditsuetan? Jumbok eta Roglic-ek ez dute zertan erasotu. Izan ere, azken egunera arte eustearekin nahikoa dute, baita minutua edo minutu parea galduta ere, azken eguneko erlojupekoa oso aldeko baitu esloveniarrak. Eta besteak zer?
Ezin da ihesaldi taktikorik, edo urrunekorik espero. Ez behintzat Movistar taldearen aldetik. Sei lagunekin daude, eta mendian gora Mas eta Lopez laguntzeko gaitasuna daukan bakarra, Carlos Verona. Jumbok, baina, ez du hori baimenduko. INEOS ere saiatuko da Van Baarle eta Sivakov-ekin, edo Adam Yates berarekin, urrunetik jotzen. Ingelesa izan liteke aurkaririk arriskutsuena Roglicentzat, baina hiru minutura dauka dagoeneko. Bernal bera ere gero eta hobeto omen dago, eta eguraldi freskoarekin hobeto moldatu izan da betidanik. Bahrein-ek ere zeresan handia dauka. Haig podiumera eramaten ahaleginduko dira, eta dinamita asko dute taldean: Mader, Poels, Caruso... eta Landa bera, laguntzeko osatzen bada.
Eguraldiarekin kontuz. Euria iragarri dute asteazken eta ostegunean, eta Galizia aldean ere eguzkitsu ez. Tarteka euria barra-barra iragartzen dute, giro trumoitsua. Errepideak patinaje pista bat bilaka daitezke Europako Mendietako zintzurretan, eta jaitsierak igoerak bezain erabakigarriak izan litezke. Asteazkenean Lagos de Covadonga famatua igoko dute, eta tartean inoiz igo gabeko La Collada Llomena, 7.6 kilometro, eta %9.3ko batez bestekoa. Bitan igoko dute mendate hori. Ondoren Lagos de Covadonga mitikoa. Eta erremate moduan, ostegunean, Gamoniteiru mendia, Angliru berria, La Cobertoria mendate ezagunetik telekomunikazio antena batzuetara igotzeko egin zuten pista. Zenbakiak oso oso serioak dira: ia 15 kilometro, eta %9.8ko batez bestekoa. Ordubete pasako igoera. Aurretik San Llaurienzu eta Cobertoria tenteak igoko dituzte. Bi etapa horietan zer erabaki geratu bada, Galizian erabakiko da, larunbatean, Castro de Herville bukaeran.
Sailkapena
1. Odd Christian Eiking 59.57.50
2. Guillaume Martin 54ra
3. Primoz Roglic 1.36ra
4. Enric Mas 2.11ra
5. Miguel Angel Lopez 3.04ra
6. Jack Haig 3.35era
7. Egan Bernal 4.21era
8. Adam Yates 4.34ra
9. Sepp Kuss 4.59ra
10. Felix Grosschartner 5.31ra