Beste etapatxo bat, opari gisa, Fabio!

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2021ko abu. 31a, 17:29

25 urte bete dituen egunean lortu du Vueltako hirugarren etapa garaipena Herbeheretakoak; etapa bukaera gaiztoa izan da, eta majo sufritu du Kantabriako muinoetan Deceuninq taldeko esprinterrak

Ez zen erraza, baina lortu egin du. Determinazioa, fedea, baina batez ere kokapena. Hori da Fabio Jakobsenen dohai garrantzitsuenetakoa, abiadurarekin batera. Helmuga aurreko azken 10 kilometroak oso bihurriak zirelako, buhurguneari bihurgunea, eta 100 metroko zuzengune bakar bat ez. Azken kilometroan, taldekideak atzeratuta, babesik gabe, Jakobsenek asmatu egin du beste behin toki ona mantentzen. Demare eta Dainese aurkariek, aldiz, ez, eta ihes egin die garaipenak. Azpimarratzeko modukoa da Jakobsenek hartzen dituen arriskuak, urtebete atzera hartu zuen muturrekoa hartuta, baina arriskuak etekinak ematen dizkion bitartean, kejarik ez.


Jakobsen, gainera, majo sufrituta iritsi zen etapa hondarrera, Kantabriako muinoetan UAE-Emirates taldea bera atzeratzen saiatu baitzen, helmugako esprintean sartu ez zedin. Lortu du UAEk, eta minutu erdira arte atzeratu du Jakobsen, baina tropeleko talde onena horretarako dago: zure liderra atzean geratzen denean aurrera eramateko. Eraman dute, eta helmugan ezin izan diote beste esprint batzuetako laguntza on-onik eman izan, baina laguntzarik gabe ere dotore irabazi du. 25 urte bete ditu gaur Jakobsenek, eta zer hobe, norberak bere buruari etapa garaipen bat oparitzea baino?

 

Bihar 17. etapa, Asturiasen. 185 kilometro, eta 3.400 kilometroko desnibel metatua. Hirugarren mailako mendate bat, lehen mailako bi, bitan igoko duten Llomena, eta bukaera Lagos de Covadongan, maila berezikoa. Eguraldia, bustia izateko arriskua. Kale edo bale egin behar dute denek... Roglicek izan ezik.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!