Vueltako notak: 10tik 0ra aitaren batean

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2021ko ira. 6a, 12:22

Roglicentzat da 10a, eta Miguel Angel Lopezentzat 0 patateroa. Tarteko guztiak, jarraian

10: Primoz Roglic. Jaun eta jabe. Ez du arrakalarik erakutsi, eta lehen astean Enric Mas-ek mina egin ziezaiokeela bazirudien ere, hanka batekin irabazi du Vuelta. Egun txarrik gabe, arriskatuz, erasokor, lau etapa garaipen eta pare bat gehiago lortzeko aukerarekin. Hirugarrenez irabazi du jarraian Vuelta, oso oso konpletoa, Pogacarren ondoren munduko ziklista onena.


9: Bahrein taldea eta Jack Haig: Ikaragarri ibili dira. Haig podiumean, etapa bikaina Carusorekin Velefiquen, Gino Mader gazte onena Bernalen aurretik. Lana egin behar zenean lana, eta nola. Eraso egin behar zenean eraso eta tinko. Neil Stephens autoan, merituaren zati bat berarentzat. Zoritxarrez, Mikel Landa ez da nota honetan sartzen, okerragoa merezi du.


8: INEOS taldea: Iksukizuna eman dute, podiumik edota garaipenik lortu gabe ere. Erasokor beti Bernal, bere erasoak ahalbideratu zuen Vueltako bukaera mitikoenetakoan etapa zoragarria ikustea. Ondo Adam Yates ere, bukaerara arte etsi gabe, indartsuena ez zela jakitun. Bernal eta Yates bezalako jendea behar da tropelean.

 

7: Magnus Cort Nielsen: Zaldi puska. Hiru etapa, atzo bigarren erlojupekoan, eta beste etaparen bat irabazteko zorian. Vueltako txirrindulari borrokalariena izendatu dute, eta merezita. Merituaren parte bat Juanma Garate kirol zuzendari irundarrarentzat, Education First taldeko piezak maisuki mugitzen asmatu duelako.


6: Michael Storer: Tropeleko harribitxi berria. Erlojupekoan iaioa zela jakina zen, baina nola ibili den Vueltan mendiko etapetan... Mendiko maillota ere irabazi du, eta Gamoniteirura bidean sekulako balentria lortzear izan zen. Nota on hau DSM taldeari ere eman dakioke, Romain Bardet-ekin beste etapa bat eta presentzia handia lasterketan.

 

5: Enric Mas: Podiuma bigarrenez Vueltan, eta bigarrenez bigarren. Korritu dituen azken lau itzulietan lau Top 5 lortu dtu, eta horrek meritua dauka. Kirol emaitza horiek lortzeko modua atsegin duzun edo ez beste eztabaida bat da. Lerroon egileari, ez da misterioa, ez zaio gustatzen bere korritzeko modua, segurola, amarrategi-a. Movistar taldeak ere izango du zerikusia jarrera horretan. Eraso serio bakarra egin du Vuelta osoan, Velefiquen. Bakarra. Ziklistak berak zer eta nola saltzen duen ere aintzat hartu behar da. Mas-ek, atzo, Vuelta bukatuta, Roglic-ek bukaera pikoetan kentzen dizkion segundo apur horiek ez galtzeko lana egin behar duela esan zuen. Vuelta ez galtzeko arrazoia segundo horiek bailiran bezala...


5: Fabio Jakobsen: Nota hobea merezi zuen. Hiru etapa garaipen eta erregulartasunaren maillot berdea. Senechal taldekidearekin eduki zuen jarrera txarra izan zen, eta mundu guztiak ikusi du. Bere kirol zuzendari Patrick Lefevrek esan du, publikoki: nondik datorren eta nora iritsi den baloratu behar du.


4: Talde gonbidatuak: Zaila nota hori justifikatzea, askok eskastzat joko baitute. Kontua da itzuli handietan oso agerikoa dela World Tour mailakoen, eta maila horretan ez dauden taldeen arteko aldea. Euskalte-Euskadik, Caja Ruralek eta Burgs BH-k presentzia handia eman diote lasterketari euren ihesaldiekin, baina garaipena lortzetik urrun egon dira, Bizkarraren kasuan izan ezik, pasa den larunbatean. Ahalegintzen direlako, gure eskertza merezi dute.


3: Angel Madrazo: Izen ona du tropelean, beti txantxak egiten eta beste, baina lasterketan egin dituen keinu batzuk soberan daude. Jumboko Sam Oomenekin ahari borrokan aritzea lasterketa betean, Jumbok ihesaldiari ihes egiten utzi nahi ziolako. Horrelakoak ezin dira egin kameren aurrean, bere eta taldearen etxe kalte. Bakoitzak nahi edo ahal duen lasterketa egiten du, eta beste guztiei hori onartzea beste erremediorik ez zaie geratzen.


2: Mikel Landa: Landismoarekin erruki... Burgosko Itzulia irabazi zuen eta bere parrokia berotu egin zen ikaragarri. Landak berak ere helburua podium-ean edo gertu egotea izan behar zela adierazi zuen Vueltaren atarian... Eta ez da batere ibili. Lehen asteko mendietan komeriak, bigarrenean ezina latza, eta azkenekoan etxera, eta itsusi. Itsusi, zentzurik gabeko kilometroko eraso efektista egin ondoren jaitsi zelako bizikletatik, bere taldea Haig-en mesedean lana ikaragarri egiten ari zenean. Landa zaleak eta landismoak bizirik jarraituko dute luze, haien fedea, kemena, sinesmena hautsezina delako, baina denbora aurerra doa. Abenduan 32 urte beteko ditu.

 

1: Vueltako antolakuntzari: Ez ibilbideagatik, nahiko polita izan baita. Batez ere lehen eta hirugarren astean. Baina abuztu betean Andaluzia eta Extremadura aldean hainbeste egun egitea... Jendea txikituta iritsi da azken astera, egunari egun 38-40 graduko tenperaturak jasaten. Halakorik ez errepikatzeko ahalegina egin beharko litzateke etorkizunean.

 

0: Nola ez, Miguel Angel Lopez: Ulertezina, bere erabakia. Ume txiki baten jarrera. Atzean geratu eta podiuma galdu zuelako haserretu, eta lasterketa utzi, nagusiko 5. edo 6. postua txarra balitz bezala. Badu zerbait mutil horrek buruan, eta oso markatuta geratuko da etorkizunari begira, taldekideei errespetu falta itzela egin dielako. Movistar-ek zer egingo duen ikuskizun, ez baita kirol irizpide soilean oinarritu beharreko erabakia. Interes komertzial asko Kolonbian, eta Lopez taldetik botatzeak min handia egin diezaioke taldeari. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!