Nik egin nituen hainbat, bere garaian. Hamaika uste dut. 11, zenbakiz, zuzenago. Gazte garaitan urteroko hitzordua zen. Koadrilan izan, Gasteizko lagunak, senideekin pikeak… Ohikoa zen lasterketa herrikoi hura egitea. Bizpahiru hileko prestakuntzarekin nahikoa baitzen, duintasunez aritzeko.
Jendartea lehiakorra da izatez, eta beti marka hobe egin nahi izateak sufrikario batzuk ekartzen zituen. Beti 100 kiloko mugan ibiltzearen albo kalteak, pakete bat izatearen ezinak… Baina Behobia bukatuta, a ze bazkari eta parrandak. Jatetxeren batera joan, bapo jan eta edan, eta iraun arte. Gero, hurrengo bost-zazpi egunetan, izterreko mina…
Mende erdia betetzear, Behobiara bueltatzea utopia zen niretzat, baina Euskadi Irratiko mikrofonoak bueltatzeko aukera eman dit ezustean. Motorrean joango nintzela agindu zidan nagusiak, eta beldurtu nintzen, ze ez naiz motorrean ibili zalea. Abiadura handian ibiltzen dira, eta ez zaizkit sobera gustatzen. Gero bizikletan, maldan behera 90 kilometroko abiaduran joanez gero, gozatzen! Baina motorrean…
Joseba izan nuen gidari, Ramon koordinatzaile. Lasaitu ninduten: “Lasai, 20-25 kilometroko abiaduran ez da ezer pasatzen”. Pasa zen, Josebaren kaskoa ehun aldiz kolpatu nuela mantsotzen zuen aldiro. Ohitura falta… Helmuga inguruan, goizean-goiz, iraganean nik bizitako argazkiak: jende oldea garraio publikoan, komuna, kafe bat, urduritasuna…
Entzungailuak jarri, kaskoa jantzi, eta martxa. Emakumeekin aurrena. Jendetza Colon pasealekuan Irunen, ez hainbeste Gaintxurizketan. Ateri. Eskerrak. Mutilak iritsi dira burura Errenteriara iritsi aurretik, eta onenekin Eneko Agirrezabal segurarra. Konexio eta konexio artean ‘Aupa Eneko’ esan diot, hooligan onenaren pare! Euskaldun batek Behobia irabaztea ez baitzuen inork aurreikusi. Sufritu zuen Capuchinos-en, Buenavistan… baina Zurriolan eta Bulebarrean egurra. Nik bezala motorrean, Pasaian Josebari helmugaraino ziztu bizian eramateko agindu ostean. 75-90 kilometro orduko abiaduran Mirakruzen behera… Bertigoa. Agurtu naiz, eta esan diot, pakete hobeak izango zituela orain arte eraman dituenak.
Bertigoa mutilen proba bukaera kontatzen! Txapela Segurara. Harrapazak/n. Euskadi Irratiko mikrofonoan zintzo Eneko, eta beste. Iristen hasi dira korrikalariak. Pakete gutxi, 01:20:00tik behera egin dutenen artean. Baina horiek adina meritu bi ordu edo gehiago behar izan dutenek. Pakete izan edo ez. Lasterketa herrikoiek herria dutelako ardatz!