Lehiaketa bateko txapeldun handi izateko zain jende gutxi ezagutzen dut inguruan, eta erremontea bezalako kirol diziplina zail batean are gutxiago. Pilota bati behin inor edo ni neu kolpatu gabe ematea lortuko banu, arrakasta handia.
Finalak galtzeak mina ematen du. Finalak jokatu eta irabazi egin nahi baititugu. Kontsolamendu eskas, gaur egungo bizitza lehiakorrean, finalak jokatzea. Haietara iristea gauza erraza balitz bezala. Lau final, eta txapelik ez. Zain urte pare bat, Imanol txikia.
Txikia bai, baino eskasa ez. Galarretako erremontista onenek aspaldi utzi baitzioten Imanolen zain egoteari. Javi Urriza eta Endika Barrenetxea maisuek aho bizarrik onartzen dute Ansa koadroko erremontista onenetakoa dela, enpresako hanka azkarrenak dituen lehiakidea. Imanol haietako bat da, dagoeneko. Falta zaio, noski, zerbait: izango da tenplea, batzuetan. Eskarmentua besteetan. Tarteka errebotea izango da, eta oso tantaka, diziplina honetako maisuek berezkoa duten talentu puntu erabakigarria.
Javi Urriza nafarraz ari gara. Ostegunekoa bere zazpigarren txapela da bikoteka. Erremonteko historiako mito bat da, uneko erremontista onena. Hamarkada pasa darama txapelak jantzi eta jantzi, eta 40 urtetik gertu egonda ere, hari irabazteko dena behar da oraindik. Inork baino talentu gehiago dauka, ezinezkoak diruditen pilotak eramaten ditu, eta aurkaria gutxirekin behartu egiten du. Pilota erosoa harrapatzen badu jai du aurkariak, eta horrek erre, ito egiten du aurkaria. Urrizari boterea kentzeko borroka psikologikoak indartsuena ere akabatzen du.
Berekoi izanda, Ansaren zale asko Urrizak erretiroa hartu zain gaude, horrek urnietarrari txapelak gerturatuko dizkiolakoan. Baina ziur nago Ansak bere lehen txapela Urriza edota Endika Barrenetxearen aurka lortu nahiko duela. Txapeldun, txapeldun handiak menderatuz lortzea baino gauza hoberik ez baitago, haiek erretiroa hartu zain egon gabe.
Eta bere familiak, bikoteak koadrilak, lagunek, zain jarraituko dugu. Txapela iritsi, iritsiko delako. 2022an, edo 2023an. Imanol txikia baita txapel kopuruz, baina handia jokoz, ausardiaz. Ostegunean harmailetan bildutako zale askoren txalo zarta soinutsuak eragin zituen, egindako tanto ikusgarriekin. Eta 38-37koarekin, berdinketa eta sakea emango zien 38. tantoa egiteko berebiziko arriskua hartu zuen, hala egin behar zuela jakitun. Kontrakantxako txapan egin zuen bote bi pareta ikusgarriak, eta Imanolek bazekien finala hantxe bukatu zela. Ez zuen denbora gehiago zain geratu nahi izan.
Zaleok gure arima konkistatu zain ere ez dugu egon beharko, dagoeneko. Aspaldi bereganatu zuen.