Zer esan baneki... Baina ez dakit

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2022ko urt. 4a, 21:48

Kaka zaharra. Horixe bakarrik datorkit burura. Bizitza puta hau…

Urtarrilak 3. Jon Izagirre hil dela esan didate watsapez, goizaldean Donostian gertatu den motor istripua izan duena bera izan dela. Zer egin jakin ez! Lagunei deitu, han eta hemen galdetu, ezinezkoa den mirari baten bila.

Heriotzen liturgia nekagarria etorri da gero, koadrilako lagunen hala-moduzko bilkura taberna atarian. Besarkadak, ohiko esaldi zozoak. Tristura. Malkoak. Atsekabea. Kaka zaharra. Beilatokiko trantzea gero, beste putzu malko gaindosia. 

34 urte zituen Jon Izagirrek. Bezperan trukatu nituen azken hitzak berarekin Goi Mendi tabernako terrazan. Pozik sumatu nuen, aspaldiko unerik gozoenean, ziurrenik. Urnietan bertan bizitzen hastekoa zen, urte askoz gurasoekin Donostiako Riberas auzoan bizitzen eman ondoren. Bere habitat-era, herrira, lagun multzora bueltatu nahi zuen, eta lortu zuen, kostata, lanean ere hain beharrezkoa den ziurtasuna lortuta.

Kiroldegietako monitore ari zen Jon, bizitzaren gordinak hainbeste maite zuen futbola eta entrenatzaile jarduna modu profesional batean albo batera uztera behartu ondoren. Baina klik batean, agur. 

Zer esan baneki…

Ez nintzen bere koadrilakoa, baina sarri elkartzen nintzen eurekin herriko tabernetan, mendian. Guria tabernako terrazara bere motorrarekin hurbiltzen zenean, eta kafesne potoka eskatzen zuenean gogoratuko naiz Izagirre-rekin. Porru esaten nion, adarra jo nahi nionean. Puru txiki bat erre zalea zen kafesnearekin. Futbola hizpide askotan. Asko baitzekien. Real zale sutsua zen. Entrenatzaile izan zen hainbat taldetan, eta maite zuen futbola. Etxean neuzkan bi kamiseta eman nizkion, eta ez zait inoiz ahaztuko bere begien distira Liverpool taldeko kamiseta gorria eman nionean, Candy jartzen zuena. Zer esanik ez Argentinako Boca Juniors taldekoa eman nionean. Urte batzuk atzera Mendizorrotza zelaian izan nintzen berarekin, Alaves-Barça partida ikusten. 15 marrazki egin zizkidan orri batean, Leo Messi jokalariaren mugimenduekin partidaz gozatzen zuen bitartean.

Zer esan baneki… 

Urnietara etortzeko gogoz zen aspaldi. Bizitza, lagunak, bertan baitzituen. Izan genuen solasaldi luze bat etxeei buruz: alokairua hautatu, erosteko aukera, bankuak, sos kontuak… Lortu zuen. Bueltan zen. Bizitzaren unerik gozoenean. Eta aitaren batean, dena kitto. 

Zer esan baneki…

Badakit. Besarkada estua Joakin eta Lourdes gurasoei, eta Nagore arrebari.

Segi baloia kolpatzen, Izagirre!

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!