Auto gidariari 10, 20 segundo, minutu erdia lapurtu diogulako hiltzen gara.
Errespetatzen ez gaituztelako hiltzen gara. Edo gaituzte. Ez dakit bietako zein aditz erabili.
Adibideak, mila, edozein egunetan, edozein ordutan, edozein tokitan.
Urtarrilak 2. Lau lagun bizikletan patxada ederrean, kostako bidetik. Urnieta, Zarautz, Meaga, Zumaia eta buelta. Aginagatik Usurbilera, binako lerroan. Motor bat ziztu bizian, eta kamioiek aurreratzen zaituztenean gertatzen den zabu arriskutsu hori. Motorra, azkar, guregandik oso gertu pasa zen, beste errail osoa libre zuenean. Oihu egin diogu. Zertarako? Harropuzkeri keinua.
Metro eta erdiko tartea uztea gehiegi irudituko zitzaion… Gidarien gehiengoak errespetatzen gaitu, baina badira gorroto gaituzten batzuk. Errepidean ibiltzeko eskubiderik ez dugula pentsatzen dutenak, errepidea motordun ibilgailuena delako. Zenbatetan entzun dugu: ‘joan hadi mendira’. Amorrua jan behar…
‘Ezin duzue binaka joan, auto ilarak sortzen ari bazarete’. Badakigu, gidari jauna. Badakigu, eta saiatzen gara autoek gu modu ziurrean aurreratzea, geu baikara kaltetuenak, ez zeuek, gidariak.
Lagunak, familiak, etengabe. Nolatan irteten zara errepidera, halako arriskuarekin? Ba gustatzen zaigulako. Eta ez gara beldurrez irteten. Beldurrak arazoak dakartzalako. Beldurrak bazaude, ez irten. Baina beldurra naturala da. Eta da gidari batzuek oztopo gisa ikusten gaituztelako. Ez gaituztelako errepidean nahi. Edukazioa falta zaie. Zikloturistok ere beste ibilgailuek adina eskubide dugulako, errepidean ibiltzeko. Eta bai, askotan entzungo zenuten: ‘onak zarete, bada, zikloturistak, binaka, hirunaka zoaztenean, edota semaforoetan gelditu gabe’. Egongo dira, ziur. Haiek ere gaizki.
Patxi Vila txirrindulari ohiak, egun Movistar taldeko kirol zuzendari denak sareratutako txioak ekarri digu azken heriotza. Gaintxurizketa gainean, ziurrenik trafiko gehien pasatzen den Gipuzkoako errepidea. 2013az geroztik bertan bidegorri bat eraikitzeko konpromisoa hartua omen dute erakundeek. Non dira, erakunde horiek? Zergatik ez dute bidegorria egin? Bertatik ehunka zikloturista igarotzen direla jakitun, gainera. Zikloturista hori hil baino lehen ere berandu zen. Orain beranduegi.
Iaz 253 bizikleta istripu gertatu ziren Euskal Herriko errepideetan, auto, motor edo kamioiek eragindakoak. 253! Hiru egunetik bitan, istripua. Beldurra ematen duen kopurua da.
Hausnar dezagun errepidea erabiltzen dugun guztiok, baina batez ere zeuek, gidariak.
Gu baikara, hiltzen garenak.