Probintzianismoa

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2022ko urt. 20a, 18:58

Espainiako RAE espainieraren akademiak lau adiera jasotzen ditu, hitz horren esanahiaz. Iritzi artikulu honetan azaldu nahi dena adierazteko, honako hauxe egokiena: Excesivamente apegado a la mentalidad o a las costumbres de su provincia.

Probintzianismoak futbola du bizitoki, arnas-gune. Gauza askok bezala. Futbola funtsezkoa da gure jendarteko pertsona askorentzat, eta horien izaera beren futbol taldearen emaitzen araberakoa izaten da sarri. Irabazten badu, euforia. Galtzen badu, amorrua. Futbolak jaten emango balie bezala… Gurean Athletic eta Realaren arteko lehia historikoak gorpuzten du probintzianismoa. Elkarren aurka jokatzen dutenean, batez ere. Zer esanik ez bien artean jokoan tituluren bat dagoenean, iazko Kopa, kasu.

Egon gabe ere bai. Athletic Espainiako Superkopa jokatzen aritu da. Atletico Madril gainditu zuen finalerdian, finala galdu Real Madrilen aurka. Lehiaketa hasi baino lehen hasi zen A-8ko ohiko eskopeta soinua. Mendebaldean, Bizkaian, eta ekialdean, Gipuzkoan. Bizilagunari amorrua, ezin ikusia diotenen koadrila aberatsa. Athleticek ez zuela Superkopa jokatu behar irakurri nuen aurrena.  Atletico Madrilek dozena erdi gol sartuko balizkio gau ederra izango zela, gero. Williams anaien jatorriari buruzko perlak ere lotsatzeko modukoak…

Jakina, artaburuak A-8aren bi aldeetan daudenez, alde bateko suziriek erraz hartzen dute sua, eta iskanbila eta konfrontazio giroa etengabe elikatu. Onar dezaket Realarentzat Athletic, edo Athleticentzat Reala, kirol aurkari zuzena izatea Euskal Herriko futbol panoraman, nor izan indartsuago, aberatsago, onurak dakartzalako. Kirol lehia sanoaz ari naiz, egun gurean lehia horrek sanotik gutxi baitauka, eta gaiztotik asko. Bizilagunari, kontrarioari munduko gaitzik mingarriena opa zaio, beste ezeren gainetik, eta sare sozialetako anonimotasunean Athletic edota Reala desagertzea ozen eskatzen dutenak ez dira gutxi.

Horrek guztiak hainbat komunikabideren babesa eta berotze efektua dauka atzean. Zein diren esan gabe ere, jakina da ze komunikazio enpresek sustatzen duten A-8 autopistako bi taldeen arteko ezin ikusia, gorrotoa. Ni horren kontra nago, eta pike sanoaren alde. Realeko zalea naiz, baina ez diot gauza txarrik opa Athletic-i. Realaren, Osasunaren edo Alavesen aurka jokatzen duenean izan ezik, nahiago dut irabaztea, galtzea baino (Osasuna eta Alaves ere gustuko ditudalako). Zer esanik ez Espainiako bi talde nagusien aurka, Real Madril eta Atletico Madrilen aurka jokatzen duenean. Edo Barçaren aurka. Pentsamendu horrek egoera deseroso anitz eragin dizkit sare sozialetan, baina bizkar gainean mende erdiko pisua osatzear, lotsagabe aritzen diren troll-ekin arazorik ez.

Ni Euskal Herrikoa naiz, eta Euskal Herriko taldeak ditut gustuko. Egunen batean nazio subirano bagara, nola eraikiko dugu herria gure aberriko bi kirol elkarte garrantzitsuenetako zaleek elkarri tamainako gorrotoa badiote? Zaila, ezta? Badaukagu lana...

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!