Txirrindularitza 'nation branding' ezin hobea da

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2022ko urt. 27a, 13:55

Mende laurdeneko kazetaritza bidean esaldi batzuk geratu zaizkit iltzatuta. Horietako bat ‘Tourra sakratua dek’ izango litzateke, Zaldibiako Bianditz Iraola kazetariak Euskaldunon Egunkariako bekadun lanetan zela esan zuena.

Istorio polita du esaldi hark, Bianditz Nazioartea sailean baitzen bekadun, Jose Mari Pastor arduradun zela. Nik Tourrari buruz idazten nuen, etapa telebistan ikusiz, eta egunero, ondora etortzen zen Bianditz. Halako batean, Pastorrek esan zion, “hi, Bianditz, artikulu hori zer moduz ziek?”. Eta Bianditzek, fresko, lotsagabe, ‘oraintxe egingo diat, baino badakik, Tourra sakratua dek!”. Esan beharrik ere ez, Pastor-i ez zion grazia handirik egin Tourraren sakratutasun hark, baina barrez lehertzen ginen pasadizo hura gogoratzen genuen bakoitzean. 

Tourra Euskal Herritik abiatuko da 2023ko uztaileko lehen egunean. Bilbon bukatuko da lehen etapa, Donostian bigarrena, eta Baionan hirugarrena. Beno ba Tourra Zaldibiatik pasako da bigarren etapan, 1977an Gasteizko etapa irabazi zuen Joxe Nazabal mitikoaren omenez, dudarik gabe. Eta ez da Eibartik, euskal txirrindularitzako kabitik pasako. Gozoak daude eibartar harroak, onartezina dela halako errespetu faltarik. Tourra, baina, sakratua da, eta nahi duena egiten du. Nahi duen tokitik pasa, eta herri xehearen eskaerei kasurik egin gabe.

Urnietatik ere pasako da, eta Beterri eskualde osoa zeharkatu. Hasi Alkiza eta Asteasutik, Amasa-Villabona eta Zizurkil, Andoain eta Urnieta. Andoaingo Kale Txikiko aldapan garbiketa lan ona egin beharko dute udaleko langileek. 12 milioi euro balio du bromak. Tourra zure etxeko balkoitik ikusi ahal izatea ez baita broma. Broma, eta zitala, Euskal Herriko hainbat proba bertan behera geratu direla, eta erakundeek milaka euro batzuk jartzeari uko egin diotelako… Tourra, baina, sakratua da, eta Euskal Herriko txoko eta parajeak erakutsiko ditu munduan barrena, eta horrek politikariak goxatzen ditu. Beste probak antolatzen segitzeko goxotasun pixka bat izango balute…

Pasa den asteko aurkezpenean Tourreko Christian Prudhomme ugazaba eta kideek frantsesezko Pays Basque erabili zuten ahotan. Haientzat dena bat baita, Euskal Herri subirano bat nahi dugun guztiontzat bezala. Miguel Indurain nafarra bera ere euskalduntzat jo zuten, eta harrabots latza sortu: Indurain espainiarra dela, Nafarroa ez dela Euskal Herria eta beste…

Urte eta erdi falta zaigu. Eman diezaiogun ongi etorria Tourrari, gutxitan etortzen baita guregana. Txirrindularitza nation branding ezin hobea da, munduari zer eta nola garen erakusteko, errepide bazterrak zalez eta ikurrinez betetzeko. Eta Euskaltel-Euskadik eta Mikel Iturria herriko semeak parte hartzeko aukera balute, ba perfekto. 

Tourra sakratua baitek!!!

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!