Ez daukat erantzunik. Eta norbaitek badauka, esan dezala. Nolatan irabazi zuten txapela igandean Altunak eta Martijak, 17-11 galtzen zihoazela? Galderari buelta emanda. Nolatan galdu zuten jantzita zeukaten txapela Lasok eta Imazek? Nik ez dakit. Protagonistek eurek ba ote dakiten ere ez dakit. Markagailuaren indarraz gain sentsazioa ere oso oso argia zelako. Laso eta Imaz nahieran ari ziren, egurrean, Martijari sekulako zigorra eragiten, eta Altuna guztiz desaktibatuta. Txindokiko paretetan gora amorratuta nola, hala zebilen amezketarra pilotarik usaindu ezinik, edo usaintzen zituenetan asmatu ezinik.
Baina, zerbait pasa zen. Eta panorama aldatu zen. Zer? Ez daukat erantzunik. Erantzun zehatzik behintzat. Pilota aldaketa izango zen, akaso. Hartu zuten pasara fisikoa bere gordinean jasaten hasi zirela Imaz eta Laso. Datu bat, argitasun printza bat sumatzeko. Txapeldunen azken 12 tantoetatik sei aurkarien opariak izan ziren. Galdutako pilota garbiak, denak. Eta galdera da: dena hain ondo, hain dotore egin bazuten ordura arte, zergatik gero hain trakets? Nekea, ziurrenik. Kolperik errazena munduko zailena bilakatzen denean, pilotak adreilu astun itxura hartzen duenean, final handietako tentsioa, erantzukizuna, urduritasuna, tenplea… Dena!
11-17kotik 21-17kora aldatu zen markagailua. Une erabakigarrian kale egin ez zutenak Altuna eta Martija. Batez ere Martija. Sakanako haizea izango da, edo Txurregi eta Erga mendien inspirazioa, baino Etxebarriko mutilak jokatzen duena astakeria da: eutsi, eman, aurrelaria babestu, lurrera bota, sufritu… Superman-en mozorroa jantzi zuen finalean nafarrak, lauren artean onena, eta askogatik.
Martija izan zen balantza desorekatu zuena, eutsi izan ez balio finala askoz lehenago bukatua egongo litzatekeelako. 102 minutura joan zen, ordea, eta luzapen horretan, boltereta horretan, Jokin Altuna agertu zen. Kamuts, lehen erdian. Bukatu ezinik, Lasoren mendean, atzelari laguna lagundu ezinik, inguratuta sentitzen den basurde amorratuaren pare. Baina Pirinioetako mutilak jositako zepotik ihes egin zuen Altunak, eta finala irabazi. Bukatu ezin izan zituen tantoak bukatuta, Laso behartuz, Imaz-en kemena kolpatuz. Izan gabe izan zen Jokin. Egon gabe agertu zen. Pazientziaz jokatu eta agertu behar zenean agertu. Erabaki. Pilotari handiek, plaza gizonek, kasta dutenek egin ohi duten bezala. Sena. Determinazioa. Fedea. Eta txapela. Eta koroa hirukoitza. 26 urterekin. Historiako zortzigarrena.
Apunte pare bat, bukatzeko. Pilota garaile, finalaren ostean. Ikuskizun handia izan zen, baina kirolariak zaindu egin behar dira. Altunak izan ezik, beste hirurek jota bukatu zuten. Eta denak atletak dira!
Trofeo banaketa: Pilota ez da NBA, edo boxeo konbate bat. Su artifizial efektuak eta antzekoak soberan daude. Pilotak ez du halako parafernaliarik behar! Sal dezagun geurea dena modu naturalagoan!