EH Itzulia 2022

Txirrindularitza gara!!! Etapatzarra Arraten, Ion Izagirrerentzat etapa, eta podiuma, eta Pello Bilbaoren jaitsierekin ere gozatzen; itzulia Daniel Felipe Martinezentzat

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2022ko api. 9a, 18:13

Historian urrezko orrietan gordeko den ikuskizuna eskaini dute txirrindulariek Arraten; Remcok duin, indartsu defendatu du bere lidergoa, baina gehiegi eman du Ixua eta Urkaregi artean, eta Martinezék etekina atera dio Evenepoel-en eskarmentu faltari

Nola ez maitatu, zaletiu txirrindularitzara? Nola ez desiatu euskal txirrindulariren baten garaipena euskal ziklismoko gune ezagunenetakoan, Arraten? Eta nola iraun begiak itxi gabe Pello Bilbaok Ixuan egindako jaitsiera beldurgarriekin? Txirrindularitza gara, txirrindularitza maite dugu, eta gaurkoaren moduko etapetan gertatutakoak bizitzeko aukera dugulako beteko dituzte, ditugu, euskal zaleok, errepide bazterrak. Pasioak mugitzen gaituelako. Eta Arratera bidean pasioa borborka izan zen ia etapa osoan.

Ikuskizuna emateko etapa zen gaurkoa, eta zaila, dena hiru parrafotan esatea. Ihesaldi bat hasieratik, dozena bat lagun ihesean, aurrena, lau ondoren. Eta INEOS egurrean, zubi lan oro zapuztuz. Ikusgarria Omar Frailek eta Geraint Thomasek Daniel Felipe Martinez babesteko egindako lana. Iritsi da Krabelin, eta Roglic-ek piztu du sua. Nahi zuen, esloveniarrak, baina ondo eutsi diote askok: Mas, Vlasov, Ion Izagirre... Sufritzen hasi da Remco liderra, baita Pello Bilbao ere, baina gernikarrak bihotzekoak eragiteko moduko jaitsiera egin du Ixuan behera. Hainbesterako, Enric Mas-en erorikoa ere behartu duela. Mas odolez zipriztintiduta iritsi da Arratera, hark ere merezi ditu txaloak.

Vingegaard, Vlasov, Ion Izagirre eta Pello Bilbaok bidea egi dute Urkaregin gora. 18 segundora ziren Remco eta Martinez, baina Remcok mesede latza egin dio INEOS taldekoari, ero baten moduan tiratuz. Urkaregin behera ere demonio baten pare jaitsi da Evenepoel, eta Elgoibarren irentsi egin ditu bere lidergoa arriskuan jar zezaketen lagunak. Baina nekatu egin da tarte horretan, eta asko, Arrateko lehen aldapatan amore eman baitu. Gazteen pekatuak, eskarmentu falta, horregatik egin dio ihes itzuliak Evenepoel-i, baina txalo zarta latza merezi du barren hustu egin delako, eta espektakulua eman duelako.


Eta Arraten egurra. Vlasov sendoena, Martinez eusten, itzulia poltsikoan zuela jakitun. Ion etaparen bila, eta Vingegaard... zer esan danirmarkarraren inguruan. Mugimendu arraro bat egin eta lurrera bota du Izagirre igoera betean!!! Jaiki eta bat egin du Ormaiztegikoak aurrekoekin, baina Pello Bilbaok agur esan dio etapari eta podium-ari, beste oilarrak baino ahulxeago. Ionen garaipenak eman ziezaiokeen errematea etapa itzelari, eta hala izan da, Marc Soler-ek gauzak zail jarri badizkio ere.

GORA TXIRRINDULARITZA!!!


SAILKAPEN NAGUSIA

 


1. Daniel Felipe Martinez   INEOS    21:59:36
2. Ion Izagirre    Cofidis 11ra
3. Aleksandr Vlasov   BORA  16ra
4. Remco Evenepoel   Quick-Step  21era
5. Pello Bilbao    Bahrain    32ra

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!