Aurkariak jokoz kanpo uztea baino botika hoberik ez dago!

Erabiltzailearen aurpegia

La Française des Jeux taldeak Caleb Ewan eta Mark Cavendiish atzean uzteko lana egin du eguneko mendate bakarrean, eta haiek gabe, Nono Demare-ek gara¡pen erraza lortu du

Buruz buru ezin baduzu, aurkariak jokoz kanpo uztea baino botika hoberik ez. Arnaud Demare eta La Française des Jeux taldeak prestatu duten taktika txirrindularitza eskoletan erakusteko modukoa izan da. Cavendish eta Ewan Demare baino hobeak dira buruz burukoan, eta Quick Step-en trenoak ia ezinezko egiten du ingelesa menderatzea. Siziliako azken etapa esprinterako aproposa zen, baina tranpatxo batekin bide erdian, bigarren mailako mendate luzea. Alpecin-ek eta La Française-ek erritmo bizia jarri dute. eta sufritzen hasi dira Ewan aurrena, eta Cavendish gero. Ewan 5 minutuko atzerapenarekin pasa da gainetik, eta Lotto talde osoa berari laguntzen geratu bada ere, ez dute aukerarik izan australiarra tropelera bueltatzeko. Gertuago egon da Cavendish, bi minutu pasatxora, eta Quick Step-eko bost lagun bere zain geratu dira, taldekako krono bat egin eta Man uhartekoa artaldera bueltatzeko. Ez dute lortu.


Eta ez dute lortu esprinterren taldeek erritmo azkarrean egin dutelako Messinarainoko tartea. Denek zer irabazi zutelako, Cavendish eta Ewan taldera bueltatzen ez baziren. Eta lortu dute. Txaloak etapa aurretik prestatutako taktikak bere emaitzak eman dituelako. Messinako helmugan lan bikaina egin diote Atila Valter eta Scotson morroiek Demare-ri, eta Nono berak aise lortu du garaipena, azken zuzengunean Gaviria eta Nizzolo menderatuz. Giroko seigarren etapa garaipena du frantziarrak.


Bihar seigarren etapa, Palmi-Scalea, Tirreno Itsasoaren ertzetik. 192 kilometro eta beste volata bat. Biharkoan, eta gauzak normal, kitarakoa hartzeko aukera izanen dute Ewanek eta Cavendish-ek. demare, baina, hazita egongo da...

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!