Siesta, Nono Le Roi eta afari-merienda

Erabiltzailearen aurpegia

Etapa zozoa izan da oso seigarrena, siesta egiteko modukoa; lagun bakarreko ihesaldi antzua eta esprinta; bertan, Demare nagusi, gaur aurkari onenak parean zituela.

Zozo samarra doa Giroa, zergatik ukatu. Lehen etapa, polita; bigarrena ere, erlojupekoa, interesgarria. Baina hirugarrena zozoa; Etnakoa ikusteko modukoa, atzokoa ere, tira, onartzeko modukoa, eta gaurkoa... luzea, luzeegia eta gatzik gabekoa. Itzuli handiek hiru aste irauten dute, eta denetarik egon behar denez, bihar eta igandeko etapetan Giroko lehen herena biribiltzeko esperantza edukitzea komeni. Bestela balantzea kaskarra izango delako.

Seigarren etapan jakina zen esprintak erabakiko zuela garaipena, eta horrek ihesaldi ahaleginak zapuztu ditu. Lotto taldea bera kontrol lanean jarri da, ihesaldi handiak saihesteko, eta lortu du bere helburua, Eolo-Kometa taldeko Diego Rosak egin duelako hanka. Berak bakarrik, ordea, ezinezkoa tropelaren kontrola saihestea. 150 kilometro egin ditu bakarrik Rosak, eta astindu galanta hartu, baina gorputza horrela zigortzea, fruiturik ez dela jasoko jakitun izanda, onartzen zaila.

Rosa helmugatik 28 kilometrora harrapatu dute eta orduntxe hasi da sua tropelean: Kokapena, esprinterra buruan mantentzeko borroka itsua... Eta lehia horretan garaile Arnaud demare, Nono goitizenez ezagutua. Nono Le Roi, Nono erregea. Gaurkoa bere bigarrena, baina balio bikoitza, Sizilian parean ez zeudelako Cavendish eta Ewan. Gaur bai, gaur ondoan zeuden, eta menderatu egin ditu. Lan bikaina Silkendal taldekideak egin dion lana, eta frantziarrak nola saihestu duen hesien kontra jo eta erortzea. Azken hatsean menderatu du Ewan, ia ezinezkoa zirudienean.

Biharko etapa arrunt ezberdina izango da. Italian hitz polita erabiltzen dute biharkoen tankerako etapak definitzeko: Impegnativa. Alegia, gogorra, zaila, exigentea. 200 kilometro da luze Diamante eta Potenza artekoa, eta 3.500 metrotik gorako desnibela. Atseden gunerik ez du, eta bi mendate gogor bidean. Sirino ezaguna bide erdian, lehen mailakoa, baina etzana, 22 kilometroko malda. Grande di Viggiano mendateak, aldiz, ia 7 kilometro ditu %9.6ko batez besteko pendizekin. Mendate horren gaina helmugatik 65 kilometrora dago, eta galbahe handia egin dezake. Potenzako ailegaera bera bihurria da, 350 metro %8ko malda.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!