Italiako Giroa 2022

Andiamo!

Erabiltzailearen aurpegia Andoni Urbistondo 2022ko mai. 22a, 10:00

Ba goaz. Liturgia ezaguna. Urte batean ez bada, hurrengoan bai. Iaz, muga-mugan, pandemiarekin posible ote zen, ez… Han izan ginen. Aurten, pandemiako mugak ahaztuta, itzuliko gara. Astebete.

Bi herri, Bormio eta Cortina d’Ampezzo. Lau lagun. Mikel lankidea alboan berriro. Landista sutsua. Erotuko da Murgiakoak Giroa irabazten badu Marmoladan. Eta UZE Urnietako zikloturista taldeko bi lagun on. Bi aiton. Edu eta Patxi. Mende erdia bete dutela-eta, opari bat egin nahi zioten beren buruari, eta Dolomitak ezagutzea baino amets hoberik ez.

Eguraldia baino beroago daude. Stelvio, Gavia, Mortirolo, Marmolada, Tre Cime di Lavaredo… Dena igo nahi dute. Eta neu planak izorratzen: ‘Piano, piano, cazzo…’. Eguraldiak agintzen du 3.000 metroko menditzarren eremuan, eta hanka zuztarrek. 20 kilometroko mendateak ez dira broma.

Kontatuko ditugu gure abenturak agerkari honetan. Umore kutsuarekin, ahal bada. Eta animatuko ditugu Landa, Pello, Oier Lazkano eta Castro euskal herritarrak, eta beste guztiak, ikurrina haizatzen dugula. Squallo marrazoa ere bai, nola ez, Nibali Giroan ikusiko dugun azken aukeran. Eta Dolomitetara joateko gonbitea egingo dizuegu. Paraje haien pareko gutxi baitaude munduan, bakarren bat baldin badago. Bizikleta eta mendia gustuko badituzu, joango zara. Ikusiko dituzu mendiak, mendateak, Giroa, eta esango duzu, totelka: ‘Mamma mia’, edo ‘Dio’, italiarra bazina bezala. Arimaz hala baikara maiatza bukaeretan. Andiamo!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!