Italiako Giroa 2022

Sobrero eta Hindley zerutu ditu azken erlojupekoak

Erabiltzailearen aurpegia

Italiarrak sekulako erlojupekoa egin du, eta garaipen polita lortu; Hindleyk aise eutsi dio maglia arrosari, Landak ezin izan du Carapaz aurreratu eta Pello Bilbao laugarren postutik 12 segundora geratu da

Veronako zirku erromatarrak eman dio bukaera Giroko 105. ekitaldiari, eta ez da ezusteko handirik gertatu. Postu ia guztiak zehaztuta zeuden, bakarren batean sorpresatxoren bat egon bazitekeen ere, baina ez da hala izan. Jai Hindleyk aise eutsi dio maglia arrosari, eta noski, bere kirol ibilbideko garaipen onena lortu. Carapaz ondo aritu da, oilarren artean onena, atzo, Marmoladan gora astindu handia hartu bazuen ere. Mikel Landak ez du aukerarik izan ekuatortarra podiumeko bigarren koskatik jaitsarazteko, baina hirugarrena ere bikaina da. Pello Bilbao bosgarren postutik laugarrenera jauzia egitekotan izan da. Minut eskasera zeukan Vincenzo Nibali Messinako marrazoa, baina 12 segundo falta izan zaizkio gernikarrari bere lan aparta are gehiago biribiltzeko.

Etapari dagokionez, Matteo Sobrero nagusitu da, Italiako erlojupekoko txapelduna, Bike Exchange taldekoa. Espezialista petoa da Sobrero, eta atzo, Marmoladan, ahalik eta indar gehien gorde zuen, gaur egurrean aritzeko. Aritu da, eta nola, aurkari guztiak txikitu baititu. Egin dituen aldeak ikaragarriak izan dira. 23 segundo gehiago behar izan ditu Arensman herbeheretarrak, eta 40 segundo gehiago Mathieu Van der Poel herrikideak. Australiako taldearen hirugarren etapa garaipena da Giroan, lasterketako talderik indartsuenetakoa.

Bihar, eta sosegu handixeagoarekin, Giro honetako notak 10tik 0ra, edo 0tik 10era...

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!