10: Jai Hindley
Inork ez zuen espero, denok utzi gaitu ahoa bete hortz. Denok pentsatzen genuen 2020ko bere bigarren postua bluff bat izan zela, are gehiago iaz desagertuta egon ondoren. Ba orain to, egurra. Giroko garailea, eta indartsuena izanda. Jo behar zenean erasotuz, eutsi behar zenean eutsiz. Oso kalkuladorea, eta bere taldean babesa bilatuz. Erne BORA-Hansgrohe taldearekin, INEOS inperioa eraitsi baitu Apenino, Alpe eta Dolomitetan.
9: Mikel Landa
Podiuma. Argazkia. Historia. Parte hartzearen inguruko eztabaidak, edo egon diren hutsuneen inguruko komentarioek ez dute ezertarako balio, dagoeneko. Iritsi direnak iritsi dira, kito. Landaren bigarren podiuma da, Giroan, lehena lortu eta zazpi urte geroago. Denbora asko. Giroko podiumean Abraham Olano eta Unai Osa izan ziren azken euskaldunak, 2001 urtean. 20 urte pasa dira, eta horrek erakusten du podiumak beti direla garestiak, eta garrantzitsuak. Bestelako eztabaida da podium horrek zaleak asetzen dituen edo ez, edo Landaren muga Giroko podiumak behar lukeen edo ez. Egiari zor, maglia arrosa janzteko aukerarik ez du eduki arabarrak, eta itzuli handi bat irabazteko pokerrean ote dagoen ere eztabaida daiteke. Lerro hauek idazten ari denaren ustez podium-ean egon daitekeela erakutsi berri du, baina podium-etik irabaztera koska handiegia dago.
8-Mathieu Van der Poel eta Alpecin-Fenix
Fenomeno mediatikoa da Van der Poel. Etapa bat irabazi du, eta mila ihesalditan sartu da. Zaleekin feed back handia dauka, lotu egiten du jendea bere jarrera eta jatortasunarekin, eta proba guztiek nahiko dute bere parte hartzea eduki. Alpecin-ek hiru garaipen lortu ditu, talde bikaina.
7-Jumbo-Visma, Groupama, Wanty, Trek eta Bike Exchange taldeak
Jokua eman diote Giroari. Herbeheeretakoak Bowman-en bi etapa eta mendiko sailkapenarekin, baina Lemreiize eta Eeckhorn beti buruan. Groupama Nono Demare-ren hiru garaipenekin eta maglia ciclaminoa-ren jabe, oso estimatua Italian. Eta Wanty ere dotore: Birian Girmay afrikarraren garaipena, Van der Poelen aurka, Jan Hirt seigarren eta etapa, eta Domenico Pozzovivo zortzigarren, kementsu, bizikleta gainera bakarrik, bere kabuz igo ezin duen kirolari aparta. Trek ere ondo, nonno Cicconek etapa, Juanpe Lopez gazteak maglia arrosa hamar egunez, Top 10a eta gazte onena. Bike Exchange-ek ere buelta eman dio, Simon Yates-en Etnako kaskarraldiak halakorik ez bazuen aurreikusten ere. Hiru etapa eurentzat.
6-Pello Bilbao:
Talde gizona. Eta bosgarren. Eta laugarrenetik segundo gutxi batzura. Bi hilabete daramatza sasoi betean, Euskal Herriko Itzuliaz geroztik, eta arnas luzeko txirrindulari bikaina da. Sakrifizioa. Konpromisoa.
5- Squallo Nibali:
Plazer Messinako marrazoaren balentriekin gozatu izana urte luzez. 4. postuan bere azken Giroan, nahi izan du hobeto aritu, baina 37 urterekin, dagoeneko, ezin. Mito bat badoa. Grazie Squallo!!!
4-Giroko parte hartzea, eta ikuskizuna:
Ez zen oso aberatsa izan Budapest-eko abiapuntuan, eta hainbaten erretiroak itsustu egin du: Miguel Angel Lopez, Romain Bardet, Joao Almeida... Ikuskizunaz, antolatzaileek ibilbideari buelta bat eman beharko ote dioten edo ez zer? Karrera txirrindulariek egiten dute, futbolariek futbola bezala. Ibilbide bat edo beste, protagonistek grina edo kemena jartzen ez badute, jai dago. Giroa pobrea izan da, zergatik ukatu, eta Giro zaleoi izorratu gaitu, Giroa izan baita azken hamarkadan ikuskizun osatuena eman duen itzuli handia. Aurten ez, eta RCS talde antolatzailearen hausnarketa behar du horrek derrigor.
3-Talde gonbidatuak:
Ibili dira Drone Hopper, Bardiani eta Eolo-Kometa, garaipenaren usainean, baina maila diferentzia nonbait nabaritzen bada, World Tour lasterketa handietan izaten da. Saiatzearen poderioz, iritsiko zaie unea. Merezi dute tokia, eta hiru baino gehiago balira, hobe, World Tour talde askok erakutsi ez duten jarrera oldarkorra erakutsi baitute.
2-Fernando Gaviria:
Zulo ilunean murgilduta dabil aspaldi, eta atera ezinik bertatik. Dainesek modu ulertezinean lapurtu zion garaipena Reggio Emilian, eta Marmoladan gora jasan zuen miseria gertutik ikusi genuenok jota geratu ginen. Oso oso justu.
1-Miguel Angel Lopez:
Giroa irabazteko, edo podiumera igotzeko hautagai sendoenetakoa zen, baina konturatzerako, etxera joan zen, lesio baten ondorioz. Talentua badauka, kolonbiarrak, baina bere bizikleta gaineko jardunaz baino sortzen zaizkion, edo sortzen dituen katramilak dira hizpide azken aldian.
0-Movistar eta Israel taldeak:
Igoera / jaitsiera sistemarekin larri ibiliko dira maila mantentzeko, ez baitute puntu askorik batu. Bereziki txarra Israel taldearen Giroa. Movistar-ena ere, pobrea. Valverde Top 10ean sartzeko helburua zuten, puntuak batzeko, baina kale, eta apenas sartu da ihesaldiren batean. Ivan Sosa liderra bera ere oso eskas. Urte erdia joan da, eta Movistar-ek egoerari buelta eman beharra dauka, maila galdu nahi ez badu.