Munduko demokrazien sehaska omen Frantzia, baina, kirol kontuetan demokraziatik apal samar dabil Grande Boucle ezaguna, Frantziako Tourra. Demokrazia baino, diktadura dirudi, Tadej Pogacar fenomenoa nahieran dabilelako. Ikuskizunari ikuskizuna lotzen aritu da esloveniar izarra azken bi urteetan, eta inor ez da ausartzen harena ez den beste izenik ematen Tourra irabazteko hautagai zerrendan. Are gehiago, Pogacar-ek ez irabaztea utopia hutsa omen.
Horien azalpenak balekoak dira. Nagusitasun itzela erakutsi du Pogacarrek azken bi Tourretan. Aurkaririk ez mendian gora, ezta erlojupekoan ere. Esperantzaren zirrikitua ikusi nahi dute askok. Iaz, Mont-Ventoux mendatetzarrean gora Jonas Vingegaard-ek Pogacarri gorriak ikusarazi zizkiola gogoratzen dute zenbaitek, esloveniarra Jumbo taldekoaren gurpilera itsatsi ezinik geratu baitzen. Ordurako, baina, bost minutuko zuloak urruntzen zituen bata bestearengandik, eta, maldan behera, Pogacarrek hanka batekin harrapatu zuen bueltan Vingegaard. Parisera iritsi aurreko azken erlojupekoan ere Pogacar-ek beragan ohikoa den distirarik ez zuela egin esaten da, baina kasu horretan ere, Tourra irabazita zeukan UAE taldekoak. Huts egingo du, agian, esloveniarrak, baina ezerk ez du hipotesi hori sustatzen. Bere herriko Tourrean hanka batekin nagusitu da Pogacar, bi aste atzera, edonor aho bete hortz uzteko moduko nagusitasuna erakusteko.
Vingegaard vs. Pogacar
Vingegaard bera da Pogacar tronutik jaisteko hautagai nagusia. Estutu duen bakarra delako, Pogacar-en txakalaldia ustela izan edo ez. Dauphine Itzulian bikain ibili da, Roglic taldekidea baino indartsuago maldan gora. Jumbo taldeak zortzikote bikaina eramango du Kopenhagera, eta hortik has daitezke Tourra irabazten. Hautagai pokerra, egon, badago, baina asmatzen duenak aberats. Honatx aintzat hartzeko moduko izen batzuk: Roglic, Vlasov, Geraint Thomas eta Daniel Felipe Martinez, Caruso-Haig Bahrein taldean…
Mendia bai, baina hankamotz
Giroak ikuskizun apala eskaini zuen, oso lotuta joan zen lasterketa, eta Tourrak antzekoa izateko arriskua dauka. Batez ere Pogacar eta UAE taldeen domeinua oso garaiz hasten bada. Ez luke hala izan behar, edota bestela esanda, horrela ez izateko osagaiak ditu ibilbideak. Batez ere, bat: datorren asteazkenean, harbide gainean egingo den etapa gaiztoa. Danimarkan hasiko da, ostiralez, 13 kilometroko erlojupeko lauarekin, eta lehen bi etapak ere esprintean erabakitzeko modukoak dira.
Laugarrenean, Dunquerque eta Calais artean puncheur edo klasiko zaleak sartuko dira jokoan, etapa bihurriarekin, eta asteazkenean harbidea. 20 kilometro denera, 11 zatitan banatuta, eta Jumbo, Bahrein, Ineos eta Bora taldeak UAE eta Pogacar estutzeko gogo handiarekin. Eguraldiak zeresana eduki dezake, eta lasterketa gogorra eta hautsia izatea espero da. Pogacar atzeratu dezakeen etapa bakarra da askoren ustez, eta erabakigarria izan bide da.
Harbideen ondoren mendateek hartuko dute lekukoa. Itzuliko lehen erdiaren atarian bi bukaera mendateetan, lehen mailako Le Planche de Belles Filles eta Pas de Morgins-en, ia etapa osoa Suitzako lurretan egin ostean. Bigarren asteko lehen erdia Alpeetan izango da, eta ,gauzak normal, Tourra bertan erabakiko da. Asteartean Megeve-eko aerodromoan bukaera, etapa erraza. Asteazkenean Tourreko gogorrena, Galibier eta Granon igoko direlako, Galibier Telegraphe-etik. 2.500 metroko bi mendate tente dira, eta kilometro asko gorantz. Etapa, dena den, laburra da, hurrengo egunekoa bezala. Joera hori hartu dute Tourrak eta Vueltak, mendiko etapa gogorrenak kilometrotan laburtzea, zoritxarrez. Ostegunekoak Galibier igoko du atzera, baina Lautaret aldetik, autopista erraz bat, azken bederatzi kilometroetan sartu arte. Ondoren Croix de Fer eta Alpe d’Huez mitikoak. Bi etapa horiek ezin aproposagoak dira Pogacarrek dena hausteko. Edo beste taldeek urrunetik erasotzeko, batek daki.
Alpeetatik Pirinioetarainoko trantsizioa Mende-ko aerodromoko ohiko etaparekin egingo da, larunbatez. Pirinioei gatza falta zaie. Foix-en bukatuko den etapa zozoa da, bukaeratik gertu Mur de Peguere pikoa badu ere. Asteazkenekoak ere lehen mailako hiru mendate ditu, eta bigarren mailako beste bat. Menuan Aspin, Hourquette d’Ancizan, Val-Louron-Azet eta Peyragudes daude. Mendate guztiak 10 kilometroko luzeraren mugan. Lurdes eta Hautacam arteko etapak bakarrik egin dezake Alpeetako bi etapatzarrek adina min, baina mendiko azkena ere oso laburra da: 143 kilometro. Hori bai, ziklistak muga-mugan joango dira dagoeneko.
Hiru mendate handi daude bidean. Aubisque, Laruns-etik, bere alde gogorrena: 16.4 kilometro, %7,1eko pendiza batez beste. Ezezaguna da Ferrieres, baina oso gaiztoa, errepide estuko tranpa (10,3 km., %8,3ko malda). Tourreko azken mendate serioa, Hautacam. Aldapa zaila da Hautacam, irregularra, baina justu doanari miseri guztiak ateratzeko modukoa. Zenbaki hotzak: Ia 14 kilometro luze eta %7,8ko batez besteko malda. Pariseraino 40 kilometroko erlojupekoa bakarrik geratuko da Rocamadour herrian. Ordurako, baina, erlojuak sententzia emana edukiko du.