Siesta etapek bere tokitxoa izaten dute itzuli handietan, eta Tourrak ere badu etapa zozo sorta. Danimarkako azkena, adibidez. Erabat laua hiru muino txiki izan ezik, baina esprintean erabakitzeko modukoa bai edo bai. Hainbesterako talde apalenek ere uko egin diotela ihesaldia osatu eta telebistako publizitatea lortzeari. Magnus Cort Nielsen-ek egoera baliatu du, bakarrik ihes egin eta mendiko sailkapenerako beste hiru puntu batzeko. Bakarrik egin ditu 140 kilometro, baina nahi izan duenean irentsi du tropelak. Azken kilometroetan urduritasun handia, bihurgune itxi bat helmugatik 800 metrora, eta Fabio Jakobsen kokapena galtzen. Horrek esprintaren garapena baldintzatu du, eta Jumboko Laportek ekin dio Van Aert-en mesedean. Saiatu da flandestarra, berriro, baina hirugarrenez bigarren postuarekin konformatu behar izan du. Eta hirugarrenean zentimetro gutxi batzugatik, gurpil zati bat. Van Aert-ek lidergoa sendotu du, gutxienez.
Bihar bidai eguna izango du tropelak, eta karabanak. Danimarkatik Frantziako ipar ekialdera.