Etapa bikaina, Arenberg-en bukatutakoa. Harbideek mendate gogorrenek baino min handiagoa egiten dute, eta nahikoa izan dira 20 kilometro sailkapen nagusian triskantza handi samarra egiteko. Roglic eta O'Connor jokoz kanpo geratu dira. Esloveniarrak bi minutu pasa eman ditu Pogacar herrikidearekiko, eta garaipeneko lehiatik urrundu da. Ziur aski behin-betiko. O"Connor australiarra ere jausi egin da harbide zatian, eta lau minutu galduta, podiumeko borrokatik kanpo geratu dira.
Bikain aritu direnen artean Tadej Pogacar, denetan ondoen. Kokapen onarekin beti, indartsu, eta taldearen laguntzarik gabe, bakar-bakarrik. Eustearekin konforme ez, eta azken 20 kilometroetan erakustaldi ikaragarria eman du UAE taldekoak, Stuyven-ekin hanka egin eta oilar guztiak hanka batekin atzean utziz. Helmugan 10 segundo bakarrik irabazi dizkie Vingegaard eta Vlasov-i, gutxi samar, baina bidali duen mezua gardena da: 'indartsuena naiz'.
Pogacarrek errenta handiagoa ez lortzearen arrazoia Wout Van Aert izan da. Harbide zatiak hasi aurretik erori egin da, eta deseroso sumatu zaio, borrokan parte hartzeko grinarik gabe. Jumboko talde buruek arazoak izan dituzte, atzean geratu, eta haien hondamendia galarazi du, odol garbiko zaldi bat bailitzan. Lidergoa ere mantendu du, ezinezkoa zirudienean.
Nota ona Bora eta Arkea taldeentzat ere, Vlasov eta Quintana liderrak ondo babestu dituztelako. Aprobatu justu samarra Enric Mas-i, atzean geratu eta Ama Birjina azaldu baitzaio parez pare Van Aert lokomotora bultzaka ikusi duenean. Eskasen Roglic, Tourrarekin halako amodio-gorroto harremana duela erakutsiz berriro.
Etapa Simon Clarke-entzat izan da. Azken gerri kolpean lapurtu dio garaipena tropelean izen bitxiena duen ziklistari: Taco Van der Hoorn. Sei laguneko ihesaldia errematatu dute, eta tropelaren indarrari iskin egin.
Bihar zailagoa izango da ihesaldiak arrakasta izatea. Etapa 3. mailako gaintxo tente batean bukatuko da, eta horrek puncheur edo klasiko zaleen garaipen gosea sortuko du. Van Aert ikaragarri dabil, baina Van Der Poel eta enparauek ere pastelaren zati bat dastatu nahiko dute.